Bizilagunen laneratzea sustatuko dute Barakaldoko enplegu-planek

0

Koronabirusak eragindako osasun eta ekonomia krisiaren ostean, Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketako departamentuan hiru jarduera ildotan ari dira lanean Inguralde udal garapen agentziaren bitartez: laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak aldi baterako kontratatzea, barakaldarrei lana bilatzen laguntzeko prestakuntza eta orientazioa ematea eta enpresei zuzendutako kontrataziorako laguntzak.

Guztira, programa horietan 3,75 milioi euro inbertitzea aurreikusi dute.  «Ekimen horiei ekin ahal izateko, Lanbideren (Eusko Jaurlaritza) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu arloko programetara joko da, baita udal baliabideetara ere.  Zehazki, 3,5 milioi euro inguru jaso ditzakegu beste erakunde batzuen laguntzetan, eta 250.000 euro, gutxi gorabehera, udalaren funtsetatik aterako lirateke», adierazi du Juan Antonio Pizarrok.

345 pertsona inguruk jaso ahal izango dituzte ekimen horiek, honela banakatuta: Udalak 200 bat kontratazio zuzen egin ahal izango ditu laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboetan, covid-19ak eragindako krisiak kaltetutako sektoreetako 70 bizilaguni aholkua eta prestakuntza emango zaie, bai eta laguntza ere jasoko dute lan-bizitza birbideratzeko, eta 75 barakaldar kontrataziorako emango diren laguntzen bidez.

«Enplegu-programek plangintza- eta kudeaketa-ahalegin handia eskatzen dute. Horregatik, Inguraldeko eta, batez ere, Enplegu departamentuko teknikariek egiten duten lana eskertu nahi dut «, adierazi du Pizarrok.

Juan Antonio Pizarrok gogorarazi duenez, koronabirusak ondorio garrantzitsuak izan ditu ekonomia globalean, eta Barakaldo ez dago gertakari horietatik kanpo: «familia askoren egoera zaildu egin da pandemiagatik. Langabeziak gora egin du, eta ekimen horiek euren aletxoa jarri nahi dute lan-merkatua berreskuratzeko, erakundeen arteko lankidetzaren bidez «.