Bizkaiko Foru Aldundiak ez du eskainiko Gorbeiarako doako autobusa San Inazio egunean. Erabaki hau bat dator COVID-19aren hedapena eragozteko hartutako neurriekin; izan ere, helburua toki jakinetan jendetzarik ez izatea da, eta San Inazio egunean, oso seinalatua izanik, jende asko joan ohi da Gorbeiara.
Aldundiak etengabe eskaini du zerbitzu hau azken hamabi urteetan, Gorbeiako Parke Naturala babesteko asmoarekin eta San Inazio egunean bertara biltzen den jende andanak zirkulazio-arazorik ez sortzeko. Aurten zerbitzua bertan behera uztea erabaki da, koronabirusaren hedapena eragozteko.
Nolanahi ere, sarbideetan eta aparkalekuetan kontrol-dispositiboak egongo dira, konfinamendua amaitu ondoko asteburu guztietan egin den bezala; izan ere, Parke Naturalaren barruan ezin da aparkatu, gaitutako tokietan izan ezik.