Kultura arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak 520 kontsulta baino gehiago jaso ditu

0
PRUEBA

Apirilean abian jarri zenetik, Eusko Jaurlaritzak kultura arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak 520 kontsulta baino gehiago jaso ditu. Zerbitzua Kulturklik PRO plataformaren bidez  eskaintzen da (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/), eta bere helburua da Covid 19ren krisiaren ondorioei aurre egiteko abian jarritako laguntzei eta neurriei buruzko informazio guztia argitzea kulturako langile, eragile eta enpresei. Azken asteotan, zalantza gehienak lotuta daude Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur sektoreko mikroenpresentzako abian jarritako diru-laguntza deialdiarekin; laguntza horiek eskatzeko epea ostegunean amaituko da.

Aholkularitza-zerbitzu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak laguntza pertsonalizatua eskaini nahi dio sektoreari, erakundeek abian jarritako laguntza-lerro guztiei buruzko informazioa argituz. Zerbitzuak, halaber, informazioa eskaintzen du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultur sorkuntzarako ohiko deialdien inguruan (12 deialdi eta 50 modalitate).

Aholkularitza pertsonalizatu honek zalantza zehatzak argitzeko aukera ematen die bai partikularrei bai kultur arloko erakunde eta enpresei. Galderak telematikoki bideratzen dira, eta interesdunek 24 ordu baino lehen jasotzen dute erantzuna posta elektronikoz edo telefonoz. Sailak, halaber, galdetegi bat bidaltzen die erabiltzaileei, aholkularitza-zerbitzuaren kalitatea aztertzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak hainbat gida jarri ditu abian, kulturaren arloko langileentzat interesgarriak diren hainbat neurri azalduz: autonomoen zerbitzura jarritako laguntzak eta prestazioak; zerga-erraztasunak; finantzaketa-ildoak; aldi baterako okupazio-erregulazioko espedienteei buruzko informazioa; edo hipoteketen zorrari buruzko luzapenen gaineko Informazioa. Gidak ere Kulturklik PRO plataforman aurki daitezke.