Auto berrien matrikulazioa, behera doa

0

Hazkunde ekonomikoa moteldu ahala moteldu da auto berria erosteko grina ere. Aspaldiko partez, 2019an behera egin du autoen matrikulazioak Hego Euskal Herrian: 51.212 auto matrikulatu dituzte, aurreko urtean baino 3.732 gutxiago (-%6,8). Nabarmena da jaitsiera, ez soilik kopuruarengatik, baita lehen aldia delako ere auto berrien merkatua txikitu dela 2012. urteaz geroztik.

XXI. mendeko lehen urteetan igoera handia izan zuten matrikulazioek, besteak beste, etxea erosteko maileguarekin batera dirua iristen zelako ibilgailuaz ere jabetzeko. Krisiak praktika hori eten zuen, eta kaleratzeek, soldata jaitsierek eta beldurrak %60 txikitu zituzten salmentak. 2012an jo zuen behea merkatuak, 32.650 auto berriren matrikulazioarekin. Orduz gero urtez urte handitu dira salmentak, kopuru handitan batzuetan (+%18,3, 2014an) eta apalagoetan beste batzuetan (+%2,2, 2016an).