800.000 euroko inbertsioa Malmasingo tuneletako segurtasuna hobetzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du 2020ko bigarren hiruhilekoan hastea Malmasingo tuneletan (A-8 autobidean) aireztapena, argiztapena eta suteen aurkako babes-sistema hobetu eta berritzeko obrak. Hala, tunelaren barruan gorabeheraren bat gertatuz gero, erabiltzaileen segurtasuna bermatuko da.

Jarduketa nagusia izango da ur biltegi eta ponpaketa-estazio berria eraikitzea. Horiek bermatuko dute tunel bakoitzaren 1.340 metroetan zehar dagoen suteak itzaltzeko sarea etengabe hornitzea. Horretarako, Basauriko ahoan kokatutako gaur egungo hargunearen kutxatila birmoldatuko da. Montaña eraikinean kokatutako biltegi berriak 120 metro kubikoko gaitasuna izango du, eta minutuko 1.000 litro hornitu ahal izango ditu, tunelrtako segurtasunari buruzko araudiak finkatutako presio eta emariarekin. Mantentze-lanak errazte aldera, biltegia bi basotan banatuta egongo da. Bakoitzak 60 metro kubiko izango ditu, eta elkarrekiko independenteak izango dira.

Uraren horniketa eraztun forman jarritako oraingo hoditeria sistemaren bidez egingo da, tutu bietan banatutako ur-harguneak eta ekipatutako sute-ahoak hornitzeko. Horrez gain, hornidura-zirkuitua saretuko da, sutea gertatuz gero sortutako beharrizanei erantzun hobea emate aldera, araudiak ezartzen duen moduan.

Gaur egun, tunel horiek 24 ur-hargune dituzte, tutu bakoitzean hamabi, eta proiektuak lau hargune berri jartzea planteatzen du, sarrera bakoitzaren kanpoaldean bana. Horrez gain, zutabe lehorreko lotura bat jasotzen da proiektuan. Horren bidez, suhiltzaileek ura ponpatu ahal izango dute hornidura-sistema nagusiak akatsa izanez gero elikatutako babes-sistemetara.

Ekipatutako sute-ahoei dagokienez, Malmasingo tunelek gaur egun 46 dituzte, tutu bakoitzean 23. Guzti horiek trafikoaren norantzaren eskuineko horman kokatuta daude, eta horien arteko gehieneko distantzia 60 metro da.   Proiektuak barne hartzen du ekipatutako oraingo sute-ahoak egokitzea presioa murrizteko balbulak ezartzearen bidez.