Bizkaiko Aldundiak 3.955.000 euro bideratuko ditu nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko eta gazteak lehen sektorean laneratzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak, aurten, 3.955.000 euro bideratuko ditu nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko eta gazteak lehen sektorean laneratzeko. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) laguntzen du finantzaketa horretan, eta helburu bi bete nahi dira: batetik, nekazaritzako ustiategien egitura modernizatzea eta teknologia berriak sartzea ekoizpen-prozesuetan eta, bestetik, ekoizpen-sektorea gaztetzen laguntzea, belaunaldien arteko txandakatzea lagunduz eta gazte eta emakumeak sektorean laneratuz.

Dirulaguntza horietatik zenbateko handiena inbertitzeko da, guztira 3.055.000 eurokoa. Zenbateko horren bidez, hain zuzen, besteak beste honako inbertsio hauek finantzatuko dira: ur-kontsumoa murrizten lagunduko duten ureztatze-instalazioetako inbertsioak; produktuak kalitate onagoa izateko asmoz uzta hobeto biltzeko inbertsioak; lanaren produktibitatea hobetzera bideratutako modernizazio eta mekanizazio jarduketetan inbertitzea; nekazaritzako lurzoruaren kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa izateko makinak erosteko inbertsioak; ustiategian bertan kontsumituko den bioenergia ekoizteko inbertsioak; ekoizpenen kalitatea hobetzeko eta elikagaien segurtasuna areagotzeko inbertsioak, eta  atmosferarako isurketak murrizteko inbertsioak.

Sektoreko profesional bakoitzak gehienez 85.000 euroko laguntza jaso ahal izango du inbertsioak egiteko.

Bestalde, gazteak nekazaritza sektorean laneratzeko laguntzak 18 eta 41 urte bitarteko pertsonentzat dira, baina pertsona horiek ezinbestean egiaztatu beharko dute bigarren mailako lanbide-heziketako nekazaritza esparruan edo erdi-mailako nahiz goi-mailako prestakuntza-zikloren batean titulu akademikoak eskuratu dituztela, edo beste nekazari baten ustiategian bi urte baino denbora luzeagoan lan egin dutela, edo hirugarren batzuen ustiategian zerbitzuak eman dituztela. Horrez gain, pertsona horiek onartu behar dute ustiategiak instalatzean Gaztenek 2015-2020 prozeduran ezartzen diren baldintzak beteko dituztela, EAEn prozedura hori betetzen baita gazteak lehen sektorean laneratzeko eta laguntzeko. Izan ere, pertsona horiek enpresa-plan bat aurkeztu behar dute, aurretik Gaztenek-en Balorazio Batzordeak onartu beharko duena.

Gutxienez 20.000 euroko laguntza emango da jardueraren lehen bi urteetako soldata ordaintzeko, eta zenbateko horretatik gora zenbateko-tarte desberdinekin gehitu ahal izango da kopuru hori, gehieneko zenbatekoa 70.000 euro izanik. Laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, enpresa-planari hautaketa-irizpideak baloratzean eman zaizkion puntuak hartuko dira kontuan.

Norgehiagoka bidez emango dira bai laguntza horiek bai inbertsioak egiteko laguntzak, eta nahitaezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egitea eskaera. Otsailaren 7a da eskaerak aurkezteko azken eguna.