“Geure burua berrasmatu dugu”

0

Angel Villacampak prentsa agerraldia egin du gaur, bihar igandea Lezaman (12:00), Athletic Cluben eta Levanteren aurka jokatuko duten Primera Iberdrolaren hamaseigarren jardunaldiaren atarikoan. Maila handiko bi aurkariren eta estatuko emakumezkoen futboleko klasiko baten arteko norgehiagoka izango da. Zuri-gorriek badakite Bartzelonaren aurkako partida atzean geratu behar dela eta helburua orain hirugarren sailkatutari irabaztea dela.

“Levante aurkari boteretsua da, jokalari eta aurrekontu garrantzitsuak ditu. Etxean jokatzen dugu, eta pauso bat aurrera eman behar dugu sailkapenean aurrera egin gura badugu. Guk nahi dugun emaitza ez lortzeak postu horietatik urrunduko gintuzke; gure nortasuna azaleratu behar dugu, eta hala prestatu dugu neurketa, sailkapenean gora egiteko asmoz. Ez dut uste biharko partidak joanekoarekin zerikusirik izango duenik (2-0 galdu zuen Athleticek). Geure burua berrasmatu dugu eta jokalari bakoitzak bere onena ateratzen jakin du “, esan du Athleticeko entrenatzaileak.

Lehen itzuliaren amaieran, 23 punturekin bosgarren postuan amaitu du emakumezkoen lehen taldeak. Villacamparen ustez, “lortu nahi genuen helburutik urrun hasi ginen, baina pixkanaka-pixkanaka taldeak emaitza onak lortu ditu eta jokatzeko era ere aurkitu ditu. Geroz eta hobeto gaude. Bigarren itzulian gure zenbakiak hobetu nahi ditugu, baita errendimendua eta irudia ere. Zerbait berezia erakutsi behar dugu jendea Lezamara ere erakartzeko, eta hori da aurten planteatu dugun helburuetako bat. Jendeak egiten dugun guztiagatik baloratu gaitzala nahi dugu “.

Entrenatzaileak 18 jokalariz osatutako deialdia eskaini du:  Andrea Sierra, Andrea de la Nava, Andere Leguina, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Damaris Egurrola, Nekane Diez, Maria Diaz, Yulema Corres, Maite Oroz, Eunate Arraiza, Erika Vazquez, Lucia Garcia, Leia Zarate, Vanesa Gimbert, Ane Azkona, Oihane Hernandez eta Oihane Valdezate.