Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalarekin lankidetzan, bisoi europarraren beste kumaldi bat askatu du Salburuan, gaur goizean. Ama bat eta hiru kume dira, itxian haziak espezie horren hazkuntza programaren barruan, gure lurraldean duen populazioa indartzea xede duen ekimen batean.
Bisoi europarra ‘egoera kritikoan’ katalogatuta dago, haren lehiakide handia den bisoi amerikarraren mehatxuaren aurrean. 1998. urteaz geroztik, bi erakundeak lankidetzan ari dira kontrol lanak egiten, espezie exotiko inbaditzaile hori naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik. Hala ere, espezie hori kontserbatzeko lanei eta tranpak jartzeko kanpaina arrakastatsuari esker, bisoi amerikarrik gabeko lurraldetzat jo daiteke Araba, dagoeneko.
“Ez dugu bisoi amerikarrik aurkitu 2019. urtearen hasieraz geroztik, eta horrek erakusten du kontserbazio lana funtzionatzen ari dela”, adierazi du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, eta pozik agertu da egindako urratsengatik eta bisoi europarrak egoera “egonkorra” duelako, “egoera kritikoan dagoen espeziea” kalifikazioaren barruan.
Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landaren hitzetan, bisoi europarra «Gasteizko Eraztun Berdeko harribitxia da”. Laurogeita hamarreko hamarkadan Salburuak zuen bisoi europarren dentsitate handienetakoa, baina bisoi amerikarra bertan lekutu izanak desagertzeko zorian utzi zuen. Geroztik, ahalegin handia egin da espezie enblematiko hori babesten, eta azken urteetan Life Lutreola proiektu europarra nabarmendu da, zeinean Udala, Aldundia, beste administrazio batzuk, entitate pribatuak eta GKEak inplikatu baitira”