Egoera normala balitz Gasteizko jaiegun garrantzitsuenak liratekeenak igaro direlarik, Gorka Urtaran alkateak gasteiztar gehienei eskerrak eta zorionak emateko mezua zabaldu du, “haien konpromisoarengatik eta erantzunagatik, eta indarrak gordetzeagatik, datorren urtean guztiok Andre Maria Zuriaren jairik onenak ospa ditzagun. Sentipen kontrajarriak izan ditugu egun hauetan. Hala ere, Gasteizen erantzuteko gai garela ikustearen harrotasunak sendatu du egun seinalatu hauetako tristura eta malenkonia. Aurten ez zen garaia, baina ziur nago ahaleginak merezi izan duela. Orain osasuna babestea da gure lehentasuna, eta Gasteizko gizarteak horren arabera jokatu du“.
Orobat, ostalaritza sektoreari eskerrak eta elkartasuna adierazi dizkie alkateak, egoerak gehien kaltetuetako batzuk baitira, eta “gure hirian pandemiak gogor jotako pertsona eta profesional orori. Udalak argi du zein diren hiriaren lehentasunak, osasuna babesteaz gain: tokiko ekonomia sustatu eta laguntzea, eta gizarte-ongizatea eta behar handiena duten pertsonentzako arreta bermatzea; helburu horiek lortzearren ari gara lanean, eta horretan jarraituko dugu“.
Gorka Urtaranek, halaber, “erne jarraitzeko” eskatu du. “Segurtasun-neurriak betetzen jarraitu behar dugu, birusa zabal ez dadin, maskara erabili, distantzia fisikoa gorde, jendetzak saihestu. Gogora dezagun ospitaleetan bizi izandakoa, gogora dezagun itxialdia. Ez dugu hori berriro bizi nahi “.
Alkateak Udaltzaingoaren zeregina ere nabarmendu du, aldi horretan Ertzaintzarekin koordinatu baita prebentzio-lanetan eta osasun-segurtasunari buruzko araudia betearazteko lanetan.
Udaltzaingoaren ohiko zerbitzuak indartu egin dira egun hauetan, eta agenteen presentzia handitu egin da, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinaziorako aldez aurreko bileretan egindako aurreikuspenei erantzuteko. Kidego horiek lankidetza estua izan dute baterako dispositibo eta ekintza-plan operatibo guztietan.
Abuztuaren 4tik gaur arte 591 salaketa jarri dira Osasun sailburuaren agindua ez betetzeagatik, gehienak (517) maskara ez erabiltzeagatik.
“Ikusi dugu Gasteizko herritarrek arduraz eta zentzuz erantzun dutela egunotan, eta lankidetza horrek garrantzi handia du balantze honetan. Hiri osoan indarrean dagoen araudia betearazteko Ertzaintzarekin koordinatutako dispositibo prebentibo berezia arrakastatsua izan dela esan dezakegu”, adierazi du Marian Gutiérrez Herritarren Segurtasunerako zinegotziak.