Egin ezazu zure Muskizko gida turistikoa eta partekatu

0

Uda desberdina datorkigu, baina horrek ez du esan gura dibertigarria izango ez denik. Izan ere, Muskizen bertan plan desberdinak dauzkazu eskura: adibidez, Itsaslurreko pasealekuan itsasoko haizeaz goza dezakezu, Burdinola batek nola funtzionatzen duen gertutik ezagutu ahal duzu, eta udalerria inguratzen duten mendiak eta natura ere hortxe daukazu. Eta zer hoberik, horretaz disfrutatu eta partekatzea baino, kasu honetan, Muskizko Udalak udaro sare sozialen bidez sustatzen duen ekimenean parte hartuz.

Arestian aipatu den modura, “selfie” baten bidez, udalerriko natura eremuak eta lekuak partekatzera animatu nahi ditu herritar guztiak Muskizko Udalak, horrela, euren bazter gogokoenak zabaltzeko eta gainerako herritar eta bisitariei erakusteko. Horrela, gida txiki bat sortu ahalko da, udalerriko xarma turistikoa nabarmendu eta turismoa elikatzeko eta dinamizatzeko, Covid-19ak eragindako krisiari aurre eginez.

Hori horrela izanik, uztailaren 24tik irailaren 11ra bitartean, #Muskizturismoa2020 hashtaga erabiliz, Instagram, Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez zabaltzen diren argazki guztien artean, irailean, abonu bana zozketatuko da aipatutako sare sozialetako bakoitzean, 2020ko Musika eta Umorea Jardunaldietarako. Zenbat eta argazki gehiago igo, orduan eta aukera gehiago saria eskuratzeko. Argitalpenak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke. Lehiaketa honetako oinarriak Muskizko Udaleko webgunean kontsulta daitezke.