ATZO, igandea, arratsaldean 58 urteko emakume bat zauritu zen N-1 errepidean, Gipuzkoako Ikaztegieta herrian, gertatu zen zirkulazio-istripu batean. Bestalde, asteburu honetan Ertzaintzak sei gidariren aurkako eginbideak hasi ditu alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik.
Adierazitako istripua atzo arratsaldeko 16:40an gertatu zen N-1 errepidean, Ikaztegietako udal-barrutian eta Donostiarako noranzkoan, Renault Master furgoneta bat kontrola galdu eta errepidetik atera zenean. Istripuan zaurituta geratu zen furgonetan zihoan bidaiaria, 58 urteko emakumea, eta Tolosako klinika batera eraman zuten pronostiko erreserbatuko zauriekin.
Alkoholemien balantzeari dagokionez, bestalde, asteburuan Ertzaintzak sei gidariren aurka eginbideak hasi ditu bide-segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta, egin zaizkien alkoholemia- eta droga-probetan tasa positiboak eman ondoren. Hiru inputazio larunbatean egin zituzten Antzuolan, Donostian eta Irunen. Gaur beste hiru gidariren aurkako eginbideak hasi dituzte Lasarte-Orian, Zizurkilen eta Leioan.