Bilboko Udalak epea ireki du Bilbo Zaharreko sorkuntza-guneetan zehar egiten diren ikustaldi gidatuetarako izena emateko

0

Bilboko Udalak epea ireki du izena emateko Bilbo Zaharreko arte- eta sorkuntza-guneetan egingo diren ikustaldi gidatuetarako; ‘ARTY WALKS‘ deritze ikustaldiei, eta BLV-ART programaren barruan datorren ekimen bat da.

Kultur ibilbide hauek doan eskainiko dira, eta irailaren 18an eta 19an egingo dira (barikua eta zapatua), 18:00etatik aurrera; ikustaldiek bi ordu inguru iraungo dute.

‘ARTY WALKS‘ ikustaldi bakoitzean, azalduko da nola eragiten duen kulturak Bilbo Zaharra bizitzen ari den eraldaketan, eta nola garatu den gero komunitate artistiko bat, zeina inguru hartan finkatzen ari baita. Horrez gain, sorkuntza-guneen arduradunek parte hartzaileei azalduko diete zeintzuk diren gune horien bereizgarriak, eta, erakusketen kasuan, aukera izango da artistekin berba egiteko haien obren inguruan.

Izena emateko, nahikoa da mezu elektroniko bat bidaltzea hona: cultura@bilbao.eus. Mezuan, ikustaldian parte hartu nahi dutenen izen-deiturak, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa, adina, lanbidea eta bizitokia adierazi beharko dira. Epea irailaren 13an amaituko da, eta pertsona bakoitzak ibilbide bakarrerako eman ahalko du izena.

Aurten, ibilbideetarako lekuetan muga izango da, neurri sanitario eta segurtasunezkoak betetzeko. Lekuak horrela mugatuta, izena ematen duten pertsonei galdegiten zaie ezen, hitzordura ezin badira etorri, jakinaraz dezatela behar besteko aurretiaz, hartara haien lekua eskaini ahal izateko zerrendan itxaroten daudenei.

‘ART WALKS‘en aldi honetan, ekimen berriak gehitu zaizkio ikustaldien programari, inguru hartan ospea duten artistak eta lekuak sartuz, hala nola Pikara Magazine, era guztietako gaiak –gizarte, politika nahiz kultura sailetakoak– ikuspegi feminista batekin lantzen dituen kazetaritzan aritzen den proiektu bat; Caóstica, komunikazioaren, ikus-entzunezkoen ekoizpenaren, diseinu grafikoaren eta pedagogiaren arloetako profesionalen kolektiboa; edo La Deriva Taller de curiosidades-Lurpeko Bitxiak, lurpean dagoen sorkuntza-ingurune bat, produkzio estetikoan eta plastikoan jarduten dena, edo esku hartze publikoan eta kaleko artean.

HIRI ARTEA

‘ARTY WALKS‘en parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute Ruth Juan artista bartzelonar Bilbon finaktuak Sortzez Garbiaren komentuan egindako horma irudia ikusteko. Artistak berak aurkeztuko du obra.

Ruth Juan Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da duela 10 urtetik, eta, orain, inguru hartako hiri paisaiari erantsi dio horma-irudi handi-handi bat, 100 metro ingurukoa, komentu horren harresian egina.

Ruth Juanen lanak hiria du ardatz, eguneroko bizimodua, gizarte auziak eta lankidetza proiektuak. Bilbao Arte Fundazioak beka bat eman zion 2013an, eta han sortu zuen lehen liburu irudiztatua, “Bilbo Zaharra, tolerantzia eremua”. Gaur egun, hainbat proiektutan ari da irudiztatzaile freelance gisa, eta berak sortu du Juanita Makina marka. Liburuetarako marrazkiak nahiz umeentzako biniloak edo irudi grafikozko lanak nahiz horma irudi koloretsuak egiten ditu; horma-irudi horietako bost, preseski, Bilbo Zaharrean daude kokatuta, hala nola Marzana ostatuan, Gorte kalean, eta mintzagai dugun hau, Sortzez Garbiaren komentuan.

Komentua, gaur den egunean ere jardunean baita, 1861ean inauguratu zen. Gerra Zibilaren hasieran, 1936ko uztailaren 20an, talde armatuak sartu ziren bertara, eta erre egin zuten, eta komentua uztera behartu serorak. Ihes egitea lortu zuten, ostera, guardia eta miliziano batzuen bihotz onari esker, eta, 1946an, arkitektura multzo osoa berreraiki zuten, eta 1957an berrinauguratu zuten, San Frantzisko auzoaren bihotzean bertan. Hain zuzen, serorategi horretara eramaten dute hiriko emaztegaiek dozena bat arrautza, ezkontza egunean eguraldi ona izan dadin.