Pavel Savkovek eta Ondrej Hanzlikek Juaristi ISBn jokatuko dute

0

Juaristi ISB 2020-2021 denboraldirako taldea osatzen ari da, eta Azpeitiko eta Azkoitiko saskibaloi klubak jakinarazi duenez, gorengo mailako bi jokalari izango dira gizonen lehen taldean. Hain zuzen ere, Pavel Savkov errusiarrak eta Ondrej Hanzlik txekiarrak Juaristin jokatuko dute Baskoniak utzita.

Denboraldi-aurrea Baskoniarekin ari dira gauzatzen bi jokalariak. Iazko denboraldian, berriz, Saski Baskoniaren harrobiko bigarren taldearekin EBA Ligan jokatu zuten, eta oso jokalari garrantzitsuak izan ziren taldean. Are gehiago, Ondrej ligako jokalari onena izendatu zuten.

Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Ligan jokatuko du hurrengo denboraldian, eta Baskoniako harrobiko bi jokalari horiek Iñaki Jimenezen aginduetara izango dira.