Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte-kohesio eta Kudeaketa Arloko zinegotzi Juan Antoni Pizarrok gaur adierazi duenez, hiriko etxerik gabekoentzako aterpetxe eta eguneko zentroko erabiltzaileei PCR frogak egin zaizkie prebentzio neurri gisa, duela gutxi Covid-19ak kutsatutako kasu bat detektatu eta gero. Dagoeneko jakin da 37 erabiltzaileri egindako azterketa gehienen emaitza, eta ez dago inor kutsatuta.
Negatibo eman duten kasuen artean, Covid-19ak kutsatutakoarekin egondako 8 lagunetako zazpi daude. Guztiak zeuden Bilboko Siervas de María egoitzan isolatuta. Zortzigarrenari berriro egingo diote froga, emaitza ez delako eztabaidaezina izan.
Gogoan izan, udal baliabideak darabiltzaten etxerik gabekoen artean Covid-19ak kutsatutakorik antzematekotan aurreikusitako osasun neurrien protokoloa abiarazi zuela joan den igandean Juan Antonio Pizarrok zuzentzen duen Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloak.
Pizarrok esan duenez, «gure esku dauden bitarteko guztiak ari gara jartzen etxerik gabekoen eta barakaldar guztien osasuna bermatzeko. Bizkor eta eraginkortasunez jardun ahal izan dugu, erakunde-arteko koordinazioari esker». Horren seinale, erabiltzaile bat birusak kutsatu duela jakin bezain laster, Arloa Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Diputazioko Gizarte Ekintza departamentuekin harremanetan jarri izana, arazoari lehenbailehen erantzuteko.
Lehen-lehenik, Derioko ostalaritzako ostatu batera eraman zuten kutsatutakoa, eta han geratuko da negatibo eman arte. Ondoren, pertsona horrekin zuzenean harremanetan egondako guztiak bilatu, eta PCR frogak egiteaz gainera, isolatu egin zituzten. Zortzi lagun izan dira guztira. Ondoren, aipatu udal baliabideetako gainontzeko erabiltzaileei egin zitzaien azterketa.