Langabeziak azken hilabetean izan duen igoera azken urteotako abuztuetan izan duenaren antzekoa izan da

0
PRUEBA

2020ko abuztua aurreko urteotako abuztuen antzekoa izan da langabeziari dagokionez. Aurtengo abuztuan, Euskadin 3.090 langabe gehiago erregistratu dira (+% 2,16). Duela urtebete, 2019ko zortzigarren hilabetean, langabeziak gora egin zuen, eta 2.994 langabe gehiago izan ziren. Abuztuan, oro har, langabeziak gora egin ohi du; finantza-krisiaren aurreko urteetan ere hilean 3.000 langabetik gora gehiago izan ohi ziren.

“Eta hori guztia jarduera gainbeheran dagoen egoera honetan; hala erakusten du, batik bat, sinatutako kontratu-kopuruak, kontuan hartuta udako hilabete honetan sektore batzuetan ordezkapenak egiteko kontratazioak egin ohi direla, besteak beste industrian, bai eta eskariaren igoerari erantzuteko ere, besteak beste turismoaren sektorean”, esan du Néstor Arana Lanbideko Zerbitzu Orokorretako zuzendariak. Aurtengo abuztuan, Euskadin 45.774 kontratu sinatu dira, 2019ko abuztuan baino % 31,1 gutxiago. Bi ekitaldiak erkatzen baditugu, ostalaritzan 15.207 kontratu gutxiago (% 62,3 gutxiago) sinatu direla ikusiko dugu, eta, arte- eta jolas-jardueretan, 5.051 gutxiago (% 61 gutxiago).

“Sektore batzuk esan liteke galdutako erritmoa berreskuratzen ari direla, besteak beste industria, baina ez da hala gertatzen ari sektore guztietan. Une hauetan, gainera, osasun-egoera aintzat hartuta sektore kaltetuenek une latzak biziko dituztela aurresan daiteke, eta zaila da aurreikustea egoera noiz baretuko den. Ostalaritzak, merkataritzak eta hezkuntzak, esaterako, oso gaizki jarraitzen dute, langabezia-datuetan eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan ikusten den bezala”, esan du Lanbideko Zerbitzu Orokorretako zuzendariak. “Halaber garrantzitsua da nabarmentzea langabezia handiagoa izaten ari dela ikasketa-maila baxuena duten pertsonetan eta horrek, beste behin ere, prestakuntza zer garrantzitsua den erakusten duela”.

Langabezia

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 146.450 langabe ditu erregistratuta Euskal Autonomia Erkidegoan; alegia, otsailean baino 29.211 gehiago, orduan hasi baitzen Covid-19aren pandemia euskal lan-merkatuan eragina izaten.

Azken hil honetan, langabezia gizonen artean gehiago igo da (1.961) emakumeen artean baino (1.129). Adina aintzat hartuta, langabezian geratu direnetatik 675ek 25 urte baino gutxiago dute, 1.586k 25 eta 44 urte bitartean dituzte, eta 829k 45 urte baino gehiago dituzte. Lurraldeak kontuan hartuta, 1.508 Bizkaikoak dira; 759, Gipuzkoakoak, eta 823, Arabakoak.

Langabeziak, abuztuan, sektore guztietan egin du gora, lehen sektorean izan ezik (-36). Eraikuntzan, 321 langabe gehiago erregistratu dira; industrian, 502 gehiago, eta zerbitzuetan, 1.728 gehiago. Gainera, beste 575 pertsonak ez dute beren lehen lan-esperientzia izan oraindik. Desagregazio-maila handiagoan, azken hilabetean langabeziagatik nabarmenenak diren jarduerak honako hauek izan dira: hezkuntza (+374), txikizkako merkataritza (+268), eraikuntza espezializatutako jarduerak (+226) eta jateko eta edatekoen zerbitzua (+191).

ABEEEa Euskadin

EAEn 30.045 pertsona ABEEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egoeran daude abuztu-amaieran. Egoera horretatik 188.511 pertsona igaro dira, eta kopuru horren % 16 daude oraindik egoera horretan, Lanbideren fitxategien arabera. % 80, alegia 149.882 pertsona, hasi dira berriz beren lanpostuan lanean, eta % 4,55, alegia 8.584 pertsona, langabezian geratu dira. Uztailaren 31ren aldean, 8.714 pertsona gutxiago daude ABEEE egoeran.

Nolanahi ere, ABEEEn bilakaerak erakusten du, halaber, zer sektore ari diren kaltetuenak izaten egungo ekonomia-krisian. Ostalaritzan, 6.796 pertsonak ABEEEn jarraitzen dute; alegia, ABEEE egoeran egon diren guztien % 22k. Merkataritzan, 6.142 pertsona oraindik ez dira lanean hasi berriz; alegia, % 17. Gainera, hezkuntzari lotutako enpleguaren bilakaera nabarmendu behar da; izan ere, ABEEEn egon diren 5.356 pertsonetatik, 3.139 hasi dira berriz lanean (% 59); 1.002 pertsonak itxaroten jarraitzen dute (% 19) eta 1.215 (% 23) langabezia-zerrendetan daude.

“Balantzaren beste aldean, manufaktura-industria laneratze-tasa handienak izan dituen jardueraren sektorea da (% 89)”, esan du Aranak. Zehazki, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea izan duten 47.052 pertsonetatik, 41.888 dagoeneko lanean ari dira. Jarduera zehatzagoetan, lanera buelta are nabarmenagoa izan da, besteak beste honako hauetan: produktu mineral ez-metalikoen fabrikazioa (% 96), beste garraio-material batzuen fabrikazioa (% 96), ibilgailuen fabrikazioa (% 95), industria kimikoa (% 93) edo metalurgia (% 91). Osasun-jardueretan eta gizarte-zerbitzuen jardueretan dagoeneko 7.287 langile bueltatu dira lanera (% 84), eta eraikuntzan, beste 7.094 (% 85).