Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Daniel Solana izendatuko du Basquetourreko zuzendari

0
PRUEBA

Sailaren osaeran, Javier Hurtado sailburuak iragarritako erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia islatu da. Izan ere, karguek esperientzia handia dute udal-esparruan, foru-esparruan eta Autonomia Erkidegoko esparruan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaurko Gobernu Kontseiluan jakinarazi duenez, Daniel Solana Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari izendatuko dute aurki. Era berean, Elena Moreno Merkataritzako zuzendari izendatzea onartu da.

Daniel Solanak Arabako Foru Aldundiaren mendeko Gatz Harana Fundazioko zuzendari kudeatzailearen kargua utzi du Basquetourreko zuzendaritza bere gain hartzeko. Geografia eta Historiako lizentziaduna da, eta Marketin Zuzendaritzako Masterra eta Zuzendaritzako Goi Kudeaketako Programa egin ditu. Halaber, aholkulari estrategikoa, zuzendari komertziala eta marketineko zuzendaria izan da hainbat enpresatan. Eusko Jaurlaritzan, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aholkularia izan zen 2009-2012 aldian.

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordea izan zen joan den legegintzaldian, eta Merkataritzako zuzendaria izango da. Esperientzia handia du Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan; izan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria (2010-2013), Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko zuzendaria (2009-2010) eta esku-hartze aktiboko arduraduna (1993-2009) izan da.

Biek Turismo eta Ostalaritzako zuzendari-lanetan jarraituko duen Goyo Zurrorekin batera jardungo dute Sailean. Goyo Zurro Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen 2007. urteaz geroztik. Era berean, aurretik Barakaldoko Udalean lan egin zuen Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Olga Santamaríak bere karguan jarraituko du.

Izendapen horiekin, bat egingo dute udal-arloko, foru-arloko eta Autonomia Erkidegoko kudeaketaren inguruan hartutako esperientziak eta ikuspegiak, eta osatuko den Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean, «erakunde arteko lankidetza eta sektorearekiko aliantzak sustatu behar ditugu, gobernantza krisitik ateratzen laguntzeko gakoa den une honetan politika eraginkorrak diseinatu eta aplikatzeko», azaldu du sailburuak.