Kastrexanako auzo barakaldarreko bizilagunek bide segurtasunean irabaziko dute. Auzoan dagoen trenbide-pasabideari babes-hesiak jarriko dizkiote, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenari esker: historikoa da Kastrexanako herritarren eskaera, bidegurutzean oso gutxi ikusten da eta. Gaur goizean hurbildu dira Barakaldoko alkate Amaia del Campo eta Alkatetzako zinegotzi Gorka Zubiaurre alde hartara lana aurkeztera. Aurrekontua 150.000 eurokoa da.
«Auzotarrek pozarren hartu dute berria, haien eskari historikoetako bat betetzera doalako; betidanik izan du eskariak gure babesa, eta hiru hilabeteren buruan segurtasun handiagoz gurutzatu ahal izango dute trenbidea», adierazi du Del Campok.
2015ean, artean oposizioko buru zela alkatea, idatziz eskatu zion Udalari Kastrexanako herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak galda zitzala. Diputatuen Kongresura ere heldu zen ADIFi zuzendutako eskaria EAJ-PNVko bozeramaileen eskutik, lehenik, Josu Erkorekarenetik, eta ondoren, Aitor Estenbanenetik, egoera konpontzeaz ardura zitezen. Eusko Jaurlaritzak transferentziak eskuratu bezain laster eskatu zion Udalak ETS-Euskal Trenbide Sareari lanak burutu zitzala. Azkenean, bada, hiru hilen buruan mustu ahal izango dute auzoek azpiegitura, epe hori baita lanak burututa ikusteko aurreikusitakoa.