Eusko Jaurlaritzak Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusi izendatuko du

0

Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusi izendatuko dute gaur arratsaldean; Ihobe Arantxa Tapia sailburua buru duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako sozietate publikoa da.

Alexander Boto Ihobeko Ingurumen Plangintzako koordinatzaile teknikoak Jesus Losada ordezkatuko du; Eusko Jaurlaritzako zenbait estrategia abiarazi dituzte elkarrekin, besteak beste Ingurumeneko Esparru Programa, ekonomia zirkularra, klima-aldaketa eta biodibertsitatea Euskadin.

Jesus Losada Besteirok legegintzaldi honetan Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendari kargua beteko du.

Ihobeko zuzendari nagusi berria Ekonomia Zientzietako lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Lurralde eta Ingurumen Plangintzako masterra, London School of Economics-en. Eusko Jaurlaritzako Ingurune Natural, Klima Aldaketa eta Ingurumen Plangintzako zuzendaria izan da, eta Europako Batzordeko ingurumenaren arloko TAIEX aditu-taldean dago. Hainbat biltzarretan parte hartu du, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, nazioarteko sareetan, besteak beste: Regions4, The climate group edo Iclei.

Ihobe zuzenbide pribatuko sozietate publikoa da; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dago, eta haren eginkizuna da Euskadin ingurumen-hobekuntza sustatzea eta bultzatzea, eta, horretarako, herritarren ongizatea hobetzen laguntzen du, giza garapen jasangarriaren bidez.

Eusko Jaurlaritzaren esparru estrategikoak ingurumen-erronka handiak jaso ditu, haien artean interdependenteak direnak, eta Ihobe ari zaie, dagoeneko, aurre egiten. Erronka horiek etorkizuneko jarduketak markatuko dituzte: klimaren aldeko ekintza, gure kapital naturala babestea eta ekonomia zirkularra sustatzea.

Ihobek, horrela, 2030 Agendan ezarritako garapen jasangarriko helburuetan nabarmen laguntzen du. Jomuga nagusiak honako lau helburu hauek dira: 9. garapen jasangarriko helburua –Industria, berrikuntza eta azpiegitura–, euskal enpresetako ekonomia zirkularraren eta ekoberrikuntzaren bidez; 11. garapen jasangarriko helburua –Hiri eta erkidego jasangarriak–, Udalsarea 2030 euskal udalerrien sarea sustatzearen bidez; 12. garapen jasangarriko helburua –Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak–, Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen sustapenaren bidez, eta Ekoetxea sareen bidez, jasangarritasunarekiko konpromiso soziala inspiratzeko; eta 13. garapen jasangarriko helburua -Klimaren aldeko ekintza-, berrikuntza-proiektuetan diharduten eragile asko mugiarazten dituena eta berriki Urban Klima 2050 graduarteko Life proiektua koordinatzen duena.

Gainera, Ihobek honako hauetan parte hartzen du: Aclima ingurumen-klusterra, BC3 Basque Centre for Climate Change, European Environmental Protection Agencies network, Common Forum on contaminated land of Europe, Observatorio Pirenaico de Cambio Climático. Eta, gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragón Unibertsitatearekin dihardu lankidetza estuan.