40 ikaslek parte hartuko dute EHUk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hizkuntza-praktikei buruz bultzatutako master berrian

0

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako hizkuntza-praktiken inguruko master berria gaur abiatuko da, Eibarren. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Miren Azkarate EHUko Euskara Institutuko zuzendariak ‘Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean’ masterra aurkeztuko dute arratsaldean, UPV/EHUko Eibarreko Ingeniaritza Eskolan. Guztira, 40 ikaslek parte hartuko dute graduondoko honetan, 32k masterraren lau moduluetan eta 8k bakar batean.

Master hau UPV/EHUko Euskara Institutuaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arteko lankidetzari esker bultzatu da, eta bi urteko iraupena izango du. UPV/EHUko Euskara Institutuaren lanari esker sortu da masterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Masterrak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko lukeen ikasleak prestatzea; bestetik, euskarari lotutako esparruetan dabiltzan profesionalentzako formazio osagarria ere izatea. Masterrak formatu erdi-presentziala izango du: ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, Eibarko EHUko Ingeniaritza Eskolan. Ikasleek aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute.

Masterrari esker, ikasleek honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte: hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira; hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute; euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute; eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte; enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute; bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko dituzte.

Hala, herri-administrazioetan, arlo sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen ikas-irakaskuntzan euskara sustatzeko egin den bideaz eta, batez ere, azken urte hauetako berrikuntzez jabetzeko aukera izango dute ikasleek. Bikain, INDEUS, EUSLAN, Bizkeus, Eusgara edo Lanabes egitasmoak, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) edo Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ekimenak aztertu eta lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.

Unibertsitateetako irakasleez gain, arlo bakoitzeko adituak izango dituzte irakasle. Ikasleek 3 ECTSeko praktikak egiteko aukera izango dute, herri-administrazioetan, eremu sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen euskalduntzean.