Emakume Arloaren bidez egiten dituen hiruhileko tailerretako plazak ugaritu ditu Barakaldoko Udalak

0

Hamar bat tailer antolatu ditu Barakaldoko Udalak aurten, bereziki emakumeei zuzenduak. Barakaldoko Emakume Arloak urtero bultzatu ohi duen ekimena nobedadez mukuru heldu zaigu aurten, Covid-19ari aurre egiteko segurtasun neurriak betetzeko xedez. Horietako bat da, hain zuzen ere, ikastaroetako taldek bikoiztea, 60 plaza gehiago sortuz.

Zehazki, aurten hiruhileko eta bihileko sei tailer antolatu dira, parte hartuko duten emakumeek, hausnarketaren eta autozaintzaren bitartez, harremanetan dagoen desberdintasuna hauteman, ahalduntzea sustatu eta genero indarkeriari aurrea har diezaioten.   «Iaz, 20 laguneko taldeak osatu genituen, tailer bakoitzeko. Aurten, Covid-19aren eskakizunak direla eta, taldeak bikoiztu, eta bi talde txikiago sortu ditugu, 15na lagunekoak», adierazi du Emakume Arloko Rakel Olalla zinegotziak. «Horrez gainera, tailerren iraupena laburtu dugu eta hemendik aurrera ordu eta laurdenekoak izango dira. Musukoa derrigor jantzi beharko da», azpimarratu du zinegotziak.

Emozioekin jaiotzen gara  izango da tailerretako lehenengoa, eta urriaren 15etik abenduaren 15era egingo da.  Tailer horretan, emozioak, prozesu emozionala, emozioen funtzioa, arnasketa eta erlaxazioa izango dira mintzagai.

Bigarrena, berriz, Generoaren jatorria; urriaren 22tik azaroaren 26ra egingo da.  Generoaren eraikuntza, sozializazioa, desberdintasunaren jatorria eta genero indarkeria izango ditu mintzagai tailerrak.

Hirugarrena, Aukerak kudeaketa emozionalean izenekoa, urtarrilaren 12tik martxoaren 2ra egingo da, eta autokontzientzia emozionala, pentsamendu distortsionatuak eta emozioak kudeatzeko estrategiak landuko ditu.

Gizartea eta generoa da urtarrilaren 14tik otsailaren 18ra antolatutako laugarren tailerra,  eta genero rolak eta estereotipoak, mitoak eta mikromatxismoak izango ditu langai.

Apirilaren 13an hasiko da bosgarren tailerra, Esan zer sentitzen duzun. Nork bere burua behatzea eta aintzatestea sustatuko da tailerrean, bai eta, asertibitatea, enpatia, arnasketa eta erlaxazioa ere.

Apirilaren 15etik maiatzaren 20ra egingo da azken tailerra, Nork bere burua zaintzea eta emakume izatea, eta autokontzeptua, autoestimua eta autozaintza landuko ditu.

Zabalik dago izena emateko epea, eta urriaren 5a izango da horretarako muga-eguna. Izena emateko, deitu 010 telefono zenbakira edo 944 789 435 edo 944 789 422 zenbakietara, 09:00etatik 14:00etara.