Hezkuntza komunitateak pandemia garaian egindako lana goraipatu du Barakaldoko Hezkuntza Arloko zinegotziak

0

Hezkuntza komunitateak koronabirusak eragindako pandemian  egindako lana goraipatu du Barakaldoko osoko bilkurak. Eskerrak eman dizkie Hezkuntza Arloko zinegotzi Nerea Canterok hezkuntza alorreko eragile guztiei Covid-19aren kudeaketa zaila bideratzen egin duten lanagatik, eta, bide batez, Hezkuntza Arlotik abiarazi diren ekimenak gogorarazi ditu.  Alde horretatik,  familia zaurgarrienen eskura jarritako SIM txartelak aipatu ditu, etxe guztietan hezkuntza telematikoa bermatzeko; bai eta alarma egoerak iraun duen bitartean absentismo eta tutoretzako zerbitzuak eta Giltzarri eta Gazte Bulegoak sare sozialen bitartez egindako jarduerak ere.

Horrez gainera, ikasturtea hasitakoan, udal instalazioen garbiketa kontratua zabaldu da; ikastetxeek ateak zabaltzean sartu-irtenak kontrolatzeko  segurtasun, hezkuntza eta udal zerbitzuetako atalek antolatutako koordinazio-lan berezia egin  da, bai eta ikastetxeetako mantentze lanak ere, Covid-19ak eragindako beharrizanetara udal atezainen ordutegiak egokituz.

«Denbora horretan guztian Udala ez da geldirik egon, eta hezkuntza alorrean etengabe aritu gara jardunean, betiere gure eskumenen esparrutik irten gabe, gogorarazi nahi baitut hezkuntza eskumenak, batez ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarenak direla», nabarmendu du Canterok, berriz ere eskerrak emanez pandemiaren hilotan Arloak egin duen lanagatik.

Azkenik, 100.000 bizilagunetik gorako populazioari legokiokeen hezkuntza-komunitatearen antolakuntza prestatzeko lantalde bat sor dadin egin den eskaerari dagokionez, Udalak eskumena duen departamentuari jakinarazi zion osoko bilkuraren agindu hori.  «Ordezkaritzari une oro helarazi dizkiogu udalerriko hezkuntza-komunitateak adierazten dizkigun beharrizanak eta eskariak, eta adi egoten gara baliabideak familia barakaldarrek eta udalerriko ikastetxeek planteatu ohi dizkiguten premietara behar bezala egokitzen ote zaizkien jakiteko»,  adierazi du Canterok.

Azkenik, Udalen ordezkaritza duten gainontzeko talde politikoen lankidetza eskatu du zinegotziak, egun bizi dugun egoerari modurik hoberenean aurre egin ahal izateko, bai eta ez politizatzeko ere Covid-19ak eragin duen egoera hau.