Munoa Bizi jaialdia

0

Heldu da urria, eta harekin, Munoa Finkako ateak zabalduko dira Munoa Bizi festa handia  ospatzeko lorategietan. Aurten, Covid-19ak eragindako pandemia egoerak aldaketa txikiak ekarri ditu programaziora, hala nola feria atrakzioak kendu, eta ikusleei besaulkia esleitzea ahalbidetzen duten antzerki eta zirku ikuskizunak jartzea.  «Horrela, Barakaldoko harribitxiaren lorategietako jaia modurik seguruenean egingo da familiarekin inguru zoragarri honetan berriro gozatzera etorri nahi dutenentzat», adierazi du alkate Amaia del Campok.

Urriaren 3an eta 4an ospatuko da, goizeko 11:00etatik aurrera. Ikuskizunetako edozeinetan parte hartu nahi izatera, gonbidapenak eskuratu beharko dira datorren astelehenetik, irailak 28, urriaren 2ra bitartean, Gurutzetako Zentro Zibikoan.  Bila etortzeko ordutegia: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Covid-19ak baldintzatutako edizio honetan, ikuskizunetako besaulkiak aldez aurretik esleitzeaz gainera, musukoa jantzi beharko da, bai eta eskuak eremura sartu eta irteterakoan garbitu eta segurtasun distantzia errespetatu ere.  «Aurreko urteetan bezain berezia izango da Munoa Bizi jaia, eta guztion artean lortuko dugu, gainera, hartaz gozatzea, eremu seguruak eskaintzen dituen berme guztiez», azpimarratu du.

Hiru agertokitan banatuko da 2017an Monumentu Multzo izendatua izan zen Munoa Finkako lorategia zirkuko emanaldiak, umore-ikuskizunak, musika-emanaldiak, zirkuko galak, ipuin-kontalariak eta Udal Txistu bandaren nahiz Udal Musika Kontserbatorioko ikasleen emanaldiak hartzeko. » Familia osoa gogoan hartuta, edonoren gustuak asetzeko moduko programa sortzeko egin dugu lana. Oso ekitaldi desberdinak ekarriko ditugu, baina guztiek dute helburu berbera: jai-asteburu bat sortzea, gure Munoa finka, Barakaldoko harribitxia, ezagutzera emateko eta gure hiriaren erdian dugun kokagune zoragarri honi balioa emateko», adierazi du Del Campok, Munoa Bizi ekimenaren laugarren edizio honetan parte hartzera animatuz.