Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2020-2021 ikasturtean gailu digitalak erosteko dirulaguntzak deitzen dituen agindua. Gailu horiek Euskadiko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabiliko dituzte ikasgeletan. Deialdi honek 1.528.000 euroko zenbatekoa du.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, 2020-2021 ikasturte honetan Sare_Hezkuntza Gelan sarean dauden ikastetxe publiko edo itunpekoetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa ikasten ari diren ikasleek; ikasle horiek beka baten onuradun izan beharko dute, ikas-materialaren osagaian, 2019-2020ko ikasturteko beka-deialdian.
Gainera, diru-laguntza eskuratu ahal izateko, eskuratu duten gailu digitalak bat etorri beharko du ikastetxeak eskatzailearen talde guztiarentzat aukeratu duenarekin, beti ere Aginduak zehazten dituen ezaugarri teknikoak betez (pantailaren tamaina, memoria gaitasuna eta sistema eragileari dagozkion ezaugarriak). Gailuak 2019ko urrilaren 3tik aurrera eskuratua beharko du izan. Ikasle bakoitzeko gehienezko diru-laguntza 200 eurokoa izango da gailua erosteko.
Joan zen 2019-2020 ikasturtean, Euskadiko 7.149 familia izan ziren onuradun eskolarako gailu digitala erosterakoan, Hezkuntza Sailaren iazko deialdiaren bidez.
Sare_Hezkuntza Gelan
Sare_Hezkuntza Gelan proiektuak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesurako material eta baliabide digitalak sortzea bultzatzen du, bai eta horiek ikasgelan erabiltzea ere, hori guztia gauzatu ahal izateko beharrezko den formazio teknologiko eta pedagogikoa ematearekin batera.
Sare_Hezkuntza Gelan proiektuak bi ikasturteko iraupena du. Hortaz, programan parte hartzen duten ikastetxeek hezkuntza digitalaren eredua dagokion zikloaren hasieratik amaierara arte eskaintzen dute, dela Lehen Hezkuntzan, DBHn edo Batxilergoan. Hautatutako ikastetxe berriek eta aurreragoko deialdietan hautatuak izan zirenek Sare_Hezkuntza Gelan sarea osatzen dute. Ikastetxe hauek unitate didaktiko bat edo gehiago irakasten dituzte modalitate digitalean, zenbait arlo edo ikasgaitan, horretarako hautatzen dituzten kurtsoetako talde guztietan.