Leire Ruizen Masa erakusketa Zarautzen

0

Leire Ruiz Arruti zarauztarrak bere lana erakutsiko digu Torre Luzeako erakusketa-aretoan. Sorkuntza, diseinua eta ilustrazioaren mundutik dator Ruiz, baina azken urteotan, zinemagintzako karakterizazio-lanetan eta irakasle zereginetan dihardu Madrilen. Artea eta sorkuntzarekiko interesak, ordea, beste zenbait adar lantzera bultzatu du hainbat aldiz, eta, oraingoan, bere lan plastikoak eta arte-egiturak erakutsiko dizkigu “Masa” izeneko erakusketan. Diziplina plastikoek sentimenduak, pertzepzio-gaitasuna, sormena, gustu estetikoa eta garapen sozialaren ezagutza ahalbidetzen dute, eta horri ezin ihes egin diezaiekete gizarte-gaiekin konpromisoa erakusten duten artistek, artista zarauztarrak kasu.

Leire Ruizen pinturak bere errealitatea eta naturari uko egin dion inguruaren arteko harremana azaltzen du. Erlazio hori gatazkatsua, eta, era berean, liluragarria da. Pinturak eta egitura-artistikoek elikadura-industrien atzean dauden ezkutuko errealitateak planteatzen dituzte, sufrimendu, min eta oinazea hurbileko publizitate onberarekin ezkutatzen dituztenak. Pertsonen gizarte-kontzientzian eragina izaten saiatzen diren artista-multzoan parte hartzen du Leirek, bistakoa ez izanagatik, gure izaeratik kanpo dagoela uste dugun hori agerian jartzeko.

Konposizio nahaspilatsu eta kolorez betetako antzinako bodegoiak benetako “natura hilak” bilakatzen dira Leire Ruizen obran, heriotzaz, hondamenaz eta suntsiduraz betetako bizigabeak, elikadura-industriak sortzen dituen ondorioen aurrean axolagabekeriaz jokatzen duten horien kontzientziak astintzeko eta inarrosteko.

Odolez, erraiez eta haragi- zein arrain-ustiapenak sortutako hondakinez betetako irudiek ikuslearengan eragiten dute, kolore bizi eta konposizio korapilatsuetan, animalia-esplotazioaren gatazka agerian jartzeko. Bere obra bakoitzean, prozedura piktorikoak animalienganako tratu txarrak taularatzeaz gain, menderatze- eta zapalketa-sistema irudikatzen dute, oinarri duen egitura hori bera.

Irudi gogorrak, baina baita ikusgarriak ere. Batzuetan lizunak ere agertzen zaizkigu, egonezina eta urduritasuna sortzen baitute ikuslearengan, edertasun artistikoa adierazten duten zabarkeria-egoerari gainjartzen zaionean. Benetako zartada zentzuei…

Erakusketa ikusgai izango da Torre Luzean, irailaren 24tik azaroaren 1era arte, 18:00-20:00 bitartean, egunero.