Urte arraroa da, zalantzarik gabe, jaialdiak bizi izan duen bitxiena. Hala ere, COVID-19ak eragindako eragozpenak gorabehera, Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak eutsi egin dio emakumeen eta gizonen arteko programazio eta zabalkunde orekatu bat eskaintzeko politikari. Eta, beti bezala, ikusleek gozatu egingo dute zinemarekin.
«Egun batetik bestera, mundua eraldatu egin da, eta hondamendien film berri batean parte hartzen dugun nahi gabeko aktore bihurtu gara. Lehen zinema-emanaldi publikoaren 125. urteurrena ospatzeko modu bitxia. 1895. urtean, Lumière anaien ‘Langileak lantokitik irteten’ filmak mugarri bat ezarri zuen; nolanahi ere, irteten ziren langileak emakumeak ziren», gogorarazi du jaialdiko zuzendari Juan Carlos Vázquez Velascok. «Harrezkero, zinemak gauza benetan berria lortu zuen: mundu paraleloak sortu zituen, beste dimentsio batzuk, mundu errealean pertsonen inkontziente kolektiboan eragiteko ahalmen handia zutenak, eta milioika pertsonaren errealitatearen pertzepzioa moldatu du bere historia laburrean», adierazi du.
Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEk bultzatu du jaialdia, eta urriaren 15etik 22ra bitarte egingo da, Bilboko Golem Alhóndiga aretoetan. Dena den, aldez aurreko emanaldiak eta emanaldi paraleloak ere egingo dira beste egoitza batzuetan. Tresna hori gizarte-eraldaketarako komunikazio-baliabide bikaina delako aukeratu zuten antolatzaileek. Gainera, Nazio Batuek proposatu dituzten eta aurten 5. urteurrena beteko duten Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) bultzatzaile handia izan daiteke. «Urteurren horrek gogorarazten digu 10 urte geratzen direla Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak betetzeko. Helburu horiek guztiak oso lotuta daude jaialdiko lau ardatz tematikoekin: Garapen jasangarria, Genero-berdintasuna, Kulturartekotasuna eta Giza eskubideak», zehaztu du Vázquez Velascok.
Bere aldetik, Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun sailburuak, festibal honek «interkulturalitatea, genero ikuspegia eta herri ezberdinen arteko garapen jasangarria» sustatzen dituela esan du, «giza eskubideen defentsa irmoa eginez», beraz, « gure Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sail berriaren helburuekin bat egiten du».
Hamabigarren edizio honetan, mila obra baino gehiago aurkeztu dira lehiaketan parte hartzeko, eta hirutik baten zuzendaria edo zuzendarikidea emakume bat da. 1.053 proiektuetatik, 84 hautatu dira, 46 herrialde eta lurraldekoak, eta emakumeen ordezkaritza ikusgai egongo diren filmen % 45era iritsiko da. Gainera, lehiaketatik kanpo, aurten egindako ‘Telefono mugikorrarekin bideo sozial bat egiteko modua’ tailerretan hiru ikastetxek egindako hiru film labur aurkeztuko dira.
Guztira, 450 emanaldi izango dira, 24 egoitzatan banatuak. Egoitza nagusian ez ezik (Bilbon, alegia), Zinema Ikusezina Barakaldon, Elorrion, Erandion, Getxon, Iurretan, Leioan, Mungian, Portugaleten, Sestaon eta Gasteizen ere izango dugu. Azpimarratu beharra dago leku horietako 14 Bizkaiko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako institutuak direla.
Inaugurazio-gala bihar izango da, hilak 15, 19:30ean, Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbao eraikinean. Bertan, lau film labur ikusiko dira, eta, haien artean, ‘Mateoren ama’, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren azken film laburra. Biak Moriarti ekoiztetxearen fundatzaileak dira, eta sari ugari jaso dituzten filmak produzitu dituzte, hala nola La Trinchera infinita, Handia eta Loreak. Ekitaldiaren barruan, oso saio bereziak izango ditugu Maribel Salas, Asier Hormaza, Sol Maguna, Gemma Martínez eta Mitxel Santamarina aktoreen eskutik. Bertan izango dira, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkariak. Sarrerak aldez aurretik gonbidatuta lortuko dira, eta koronabirusaren transmisioari aurrea hartzeko neurri guztiak beteko dira.
Sariak emateko gala urriaren 22an egingo da, 19:30ean eta leku berean. Bertan, guztira 19.500 euroko balioa duten 11 sari emango dira. Horretarako, 10 euskal erakundek eman dute dirulaguntza. Ekitaldia Afrika Bibang eta Nomadak taldearen musikak girotuko du, eta esker ona adieraziko zaie IES MUNGIA BHIri eta Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaori, jaialdiarekin agertutako 10 urteko konpromisoagatik, baita Tartanga BHIko zuzendari ohi Jose Ramón Ibabe Pérezi ere, antolatzaileei emandako konfiantza eta babesagatik. Ekitaldian, gainera, honako hauek izango ditugu: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz; Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia Bergaretxe; Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatu Teresa Laespada Martínez; Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Miren Irune Muguruza Mendarte, eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun Jimeno.
COVID-19ak eragindako larrialdia dela eta, aurten ezin izango da doako haurtzaindegi-zerbitzua eskaini Azkuna Zentroa Alhóndiga eraikineko egoitza nagusian egiten diren emanaldietan eta inaugurazio- eta amaiera-ekitaldietan, jaialdia hasi zenetik egin izan den moduan.
Ordutegi-aldaketa
COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-neurriak direla eta, jaialdiak ordutegi berria izango du Bilboko Gólem Zinemen egoitza nagusian. Saioak 16:15ean, 18:30ean eta 20:45ean izango dira. Hori dela eta, filmen zuzendariekin egin ohi diren eta oso gogokoak diren foroak azken saioan egingo dira.
Gainera, emanaldiak presentzialak izateko programatu badira ere, KCD GGKEk bigarren agertoki bat aurreikusi du, egungo egoerak zinemetara joatea galaraziko balu ere. Hori gertatuz gero, filmak online egongo lirateke eskuragarri. «Modu batera edo bestera, jaialdia egin egingo da», ziurtatu du Vázquez Velascok gaur Bilbon, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albenizekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendari Ignacio Rodríguez Puertasekin eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun Jimenorekin batera egindako prentsaurrekoan.
«Zinemaldiak berdintasunerako ekintza positiboak aplikatzen ditu, batzuk ez hain agerikoak, eta bere helburua lortzen duen lehiaketa bakarrenetakoa da», azpimarratu du Vazquez Velascok. Halaber, gogorarazi du Pekingo Adierazpenaren 25 urte bete direla. Adierazpen horren bidez, «mundu osoko emakumeak eta neskak ahalduntzeko programarik aurreratuena sortu zen, urte hauetan erabateko berdintasuna ezein herrialdetan lortu ez bada eta planen % 80 inguru oraindik gauzatu gabe badaude ere».
Palmaresa eta argazki-erakusketa
Ikusi ahal izango diren filmetatik, 30 fikziozkoak dira, 50 dokumentalak, 6 animaziozkoak eta bideoklip bat. Bestalde, hautatutako obretatik, 8 euskaraz egin dira, 20 Afrikakoak dira eta gehienek azpitituluak dituzte.
Lehen aldiz, palmaresa online formatuan eta doan egongo da eskuragarri. Film irabazleak urriaren 26tik 30era bitarte ikusi ahal izango dira www.filmsozialakstreaming.org plataforma digitalaren bidez.
Jaialdiaren aldi berean, ‘El parlamento de las mujeres de África’ (‘Afrikako emakumeen parlamentua’) argazki-erakusketa egongo da ikusgai Bilboko Zabalguneko eraikinean. Afrikako artista ez-profesionalen erakusketa horretan, Afrikako hainbat herrialdetako herritarren erretratuak eta eguneroko uneak ikusi ahal izango dira. Artista gazte horiek, beren kameren eta begiraden bitartez, emakumeen eskubideei eta genero-desberdintasunei lotutako gaien inguruan sentsibilizatzen dute, eta egoera horiek salatzen dituzte. Erakusketaren aurkezpenean, Mamadou Gomis komisarioa izango dugu, Afrikako Argazki Artearen Federazioaren (FAAP) presidentea eta sortzailea, eta proiektu honen bultzatzailea.
Erakusketaren inaugurazioa gaur egingo da, urriak 14, 19:00etan, eta bertan izango dira Emakundeko zuzendari nagusi Izaskun Landaida Larizgoitia, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendari Ignacio Rodríguez Puertas eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zuzendari Alberto Ruiz de Azua. Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, datorren azaroaren 4ra arte.