Javier Hurtado sailburua Reyes Maroto ministroarekin bildu da turismoaren eta merkataritzaren sektorearen egoerari heltzeko

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Maroto atzo bildu ziren, Euskadin turismoak, ostalaritzak eta merkataritzak orain bizi duten egoerari buruzko hausnarketa bat egiteko eta Covid19 eszenarioaren ikuspegi orokorra partekatzeko, bi administrazioen arteko lankidetza bultzatzearren.

Euskadin sektoreak orain bizi duen egoeraren berri eman dio sailburuak ministroari, baita sektorearen ordezkariek adierazi dizkioten premien eta lehentasunen berri ere. Horrez gain, turismoaren eremuko nazioarteko oraingo egoerari buruz ministroak duen ikuspegia ezagutu nahi izan du. Hala, heldu izan dieten gaietako bat izan da EBko Gai Orokorren Kontseiluaren gomendioa herrialdeen arteko mugikortasun-ikuspegi koordinatu bat emateko, besteak beste, Covid arrisku-semaforoak edo korridore turistiko seguruak proposatuta.

Nazioarteko esparru horren barruan, ekonomia suspertzeko Europako funtsez eta sektore kaltetuenak bultzatzeko proiektu posibleez jardun dute. “Europako funtsak garrantzizko laguntza bat dira, baina administrazioek egin behar dugun lehenengo gauza da erantzukizunez jokatzea guk ditugun baliabideekin eta aurrekontuekin ” aztertu du sailburuak.

Horregatik, azaldu duenez, sailak Erresistentzia Plan bat jarri du martxan, besteak beste, neurri hauek biltzen dituena: Covid19 Aparteko Laguntzen Programa sortzea, enpleguari eta jarduerari eusteko, eta duela gutxi aurkeztu diren kontsumo-bonuak, enpresen atxikimenduaren zain daudenak orain.

Aparteko programak 15 milioi euroko aurrekontua du, eta turismoko eta ostalaritzako 5.400 enpresari eta saltokiri laguntzen die pandemiak sorrarazitako ondorioak arintzen, alokairu, stock, kuota eta abarren gastuak ordainduta. Gainera, apartekoak ez diren laguntzek, Covid19ren premiei egokituta martxan jarri zirenek, aukera ematen diete establezimenduei erreformak eta dinamizazio-proiektuak egiteko, haien erresistentzia-gaitasuna hobetzen laguntzearren.

Amaitzeko, Sailburuak eta Ministroak aztertu egin dituzte Turismo Sailak eta Ministerioak mantentzen dituzten baterako proiektuak, sektoreari laguntzeko modu koordinatu batean lankidetzan jarraitzeko konpromiso irmoari eutsiz.