Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du haizeagatik

0
PRUEBA

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du haizeagatik gaur, astelehena, urriak 19, 21:00etatik aurrera, etziko, asteazkeneko 09:00ak arte, eta haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan litezke ageriko lekuetan eta 80tik gorakoak gainerakoetan. Haizealdia “La Vuelta”ren lehenengo etaparekin, Irun-Arrate etaparekin, batera egokituko da, bihar, asteartea, zeharkatuko baititu Gipuzkoako hainbat herri.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, haizeak nagusiki hegoaldetik eta hego-ekialdetik joko du, eta eraginik handiena, beraz, hasiera batean, EAEko mendialdean eta ekialdean izango du, hau da, Gipuzkoan eta Araba ekialdean.

Berez, gaur, astelehena, 21:00etatik aurrera etziko, asteazkeneko, 09:00ak arte, haizea zakar ibiliko da, eta haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan litezke mendialdean. Gainerako lekuetan ere haizea zakarra izango da, bereziki Gipuzkoan eta Araba ekialdean, eta 80 km/h-ko haize-boladak izan litezke.

Haizeak indarrik handiena bihar, asteartea, arratsalde/gauean eta etziko, asteazkeneko, lehenengo orduetan izango du, eta asteazkenean egunean zehar indarra galtzen joango da pixkanaka.

Gainerakoan, eguraldi lehorra izango da, hodei altuak eta garai honetarako tenperatura nahiko altuak, 20-25 ºC ingurukoak izango ditugu. Tenperaturarik altuenak isurialde kantauriarrean izango dira hegoaldetik eta hego-ekialdetik joko duen haizearen eraginez.

Bihar, asteartea, hodei trinkoak izango dira, eta euria egin dezake han-hemenka, bereziki goizean. Asteazkenean, berriz, euria egiteko probabilitatea txikiagoa da, nahiz eta ez den baztertzen goizean euri pixka bat egitea.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda.