Eusko Jaurlaritzak kutsatzeko gaitasun handia duten gaixotasunentzako Larrialdietako Plan Berezi landuko du

0

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian 2020-2024ko XII. Legealdian zehar bere sailak jarraituko dituen jarduera-lerro nagusiak azaldu ditu. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Elixabete Etxanobek eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusi Andrés Zearretak lagunduta, Josu Erkoreka datozen lau urteotan landuko dituzten helburu eta erronka nagusiak aipatzen joan da.

Lehenik eta behin, Josu Erkorekak Euskadi – Estatua Transferentzien Batzorde Mistoaren eta Eusko Jaurlaritza – Foru Aldundiak Batzorde Mistoaren lehendakari gisa egingo duen lanaren berri eman du. Alde horretatik, Gernikako Estatutua erabat betetzeko konpromisoa berretsi du, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako sail guztiekin batera lan egingo duela Espainiako Gobernuarekin jarraituko den negoziazio-prozesuaren bidez Euskadik aitortuta duen autogobernuan jasotako gai guztiak bereganatzea lortzeko. Bestalde, azpimarratu du garrantzizkoa dela, historian lehenengo aldiz, negoziazio-kronograma bat izatea gai guztietarako, garrantzitsuenak direnak barne direla, hala nola Espetxe Sistema edo Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoarekin zerikusia duten guztiak.

COVID-19

Josu Erkorekak ustekabean iritsi den eta eragina mundu osoan izan duen osasun-krisiak ekarri dituen aldaketa sakonak azpimarratu ditu bere agerraldian, eta, bere kudeaketa-arlokoak diren gaiei buruz, xehetasun hauek eman ditu:

  • Kutsatzeko gaitasun handia duten gaixotasunentzako larrialdietako plan berezi bat landuko da, osasun-erronka berrien aurrean jarduteko protokolo berriak jasoko dituena. Helburua da prestatuta egotea COVID-19ak eragindakoaren antzeko beste krisi bat sortzen bada ere.
  • Hauteskunde-arloan indarrean dagoen arau-esparruaren analisi sakon bat egingo da, beharrezko ikusten diren legegintza-aldaketak proposatzeko eta sustatzeko, bai esparru autonomikoan bai Estatuarenean, hauteskunde-esparruan teknologia berriak erabili ahal izan daitezen, bai posta bidez botoa emateko bai boto elektronikorako.
  • Legegintza-erreformarako proposamen puntual bat aurkeztuko da Gobernu Kontseilua baliabide elektronikoak erabiliz eratu ahal izan dadin, bai eta baliabide horien bidez egin daitezen bilerak, har daitezen erabakiak eta onartu daitezen aktak. Erreforma horren helburua izango da indarrean dagoen legegintza-esparrua premia berrietara egokitzea eta Konstituzio Auzitegiaren 45/2019 Epaia, martxoaren 27koa, aintzat hartzea.

SEGURTASUN INTEGRALA ETA INTERKONEKTATUA

Segurtasun Sailak legealdi honetarako duen helburu nagusietako bat Segurtasun Integralerako Euskal Eredua osatzea da. Paradigma berri horrek “herritarren segurtasuna” kontzeptu hertsia gainditzen du eta kontzeptu global bat bideratzen du, bere baitan herritarren segurtasunaz arduratzen diren agente guztiak biltzen eta koordinatzen dituena: Ertzaintza, udaltzaingoa, larrialdietako zerbitzuak, suhiltzaileak, trafiko-zerbitzuak, meteorologia, prebentzio-zerbitzuak, segurtasun pribatua, etab.

Horrela, legealdi honetan:

  • Polizien arteko jarduketa-protokolo bateratuak sortuko dira.
  • Aurrera egingo da salaketak jasotzeko irizpideak bateratzean.
  • Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteen hautaketa-prozesu bateratuak eta horien prestakuntza finkatuko dira.
  • Jauzi kualitatiboa emango da Euskadiko polizia-kidegoetan aplikazio informatikoak integratzean.
  • Aurrera egingo da poliziak sistema judizialarekin eta Euskadiko larrialdietako sarearekin integratzeko sistemetan.
  • Larrialdietako Inteligentzia Zentroa jarriko da abian, esku hartzen duten zerbitzuei berehalako erantzuna emateko gai izango dena eta datuen kudeaketarako eta sare sozialen analisirako sistema masiboak eta analisirako eta informaziorako operadoreak izango dituena.
  • Euskadiko Segurtasun Sistemaren posizioa indartuko da babes zibilaren eta polizia-lankidetzaren arloko nazioarteko agentzietan eta esparruetan.

Segurtasun Integralerako Euskal Eredu horretara iristeko bidea osatzeko, Josu Erkorekak iragarri du Jaurlaritzak 2025 Segurtasun Publikoaren Plan berria landuko eta onartuko duela datorren urtean, eta bertan jasoko direla segurtasun publikoaren arloko konpromiso, jarduera-lerro eta ekintza nagusiak.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Segurtasun publikoaren eredu integral berriaren adibide gisa, Erkorekak Emakumeen eta Etxekoen Babesa – EBA Proiektua, genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera emango duen sistema digital berria, aipatu du bere agerraldian. Gaur egun hiru hiriburuekin eta herri handienekin lan egiten da proiektu hori abian jartzeko, eta honako hauek egitea ahalbidetuko du:

  • Genero-indarkeriaren arloko espediente guztiak formatu berean sortzea eta partekatzea.
  • Emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazio guztiak homologatzea, salaketa zein polizia-kidegotan jartzen den kontuan izan gabe.
  • Seme-alaben arriskua berdin ebaluatzea.
  • Diagnostikatzen den arriskuaren araberako babesa ezartzea.

Gainera, EBA Proiektua emakumeen aurkako indarkeria-kasu bakoitzean inplikatutako gainerako agenteetara ere hedatuko da: Judikaturara, Fiskaltzara, Gizarte-zerbitzuetara, Osakidetzara, Emakundera, Auzitegi Medikuntzako Institutura, eta abar.

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak adierazi duen bezala, arazoaren dimentsioagatik hautatu da emakumeen aurkako indarkeria lehenengo proiektu partekatu eta integrala izateko. Une hauetan Euskadin:

  • 3.337 emakumek dute babes-agindua.
  • 62 emakumek behar dute bizkartzaina, etengabe edo noizean behin.
  • 53 erasotzailek dute aktibatuta lokalizazio-eskumuturrekoa (telematikoa).
  • 343 emakumek dute babestutako emakumeen telefonoetan instalatzen den Bortxa aplikazioa.
  • Kontrazaintzako 93 zerbitzu daude aktibatuta.
  • Ertzaintzako patruila guztiek eguneroko lanaren % 15 eskaintzen diote, gutxienez, tratu txarrak jasan dituzten emakumeak babesteari.

PREBENTZIOZKO SEGURTASUN BERRITZAILEA

Segurtasun Integralerako Euskal Eredu berriaren beste oinarrizko alderdietako bat prebentzioa lantzea da, izan litezkeen arriskuei aurrea hartu ahal izateko eta kalteak saihestu edo arindu ahal izateko. Atal honi dagokionez, honakoak iragarri ditu:

  • Alderantzizko 112 sistema jarriko da abian. Abisu eta alarma sistema larrialdietako euskal saretik herritarrengana iritsiko da arrisku jakinetako egoeretan. Helburua da edozein arrazoi dela-eta arrisku baten mehatxupean dagoen eremu geografiko jakin bateko herritarrei zuzenean ohartaraztea.
  • Euskalmeten webgune berria, modernoa eta berritua, herritarrei informazio orokorra eta profesionala eskaintzeko, batez ere muturreko fenomeno meteorologikoen berri emateko.
  • Urtea amaitu aurretik aurkeztuko da Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoa, eta bertan trafiko-istripuen prebentzioan kontzientziatzeko eta lan egiteko ekintza berriak garatuko dira.

SEGURTASUN GARDENA ETA HURBILEKOA

Segurtasun Sailak legealdi honetan landuko duen beste helburuetako bat gertuko polizia-eredua eta hurbiltasuna izateko bidean aurrera egitea da. Alde horretatik, konpromiso hauek hartu ditu Josu Erkorekak:

  • Ekinbide – Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritar-ekimenen bulegoa, sustatzea.
  • Informazioa emateko, publizitate aktiboko eta kontu-emateko mekanismo bat inplementatzea, Segurtasunaren bilakaerarekin zerikusia duten datuak jakitera emateko.
  • Poliziaren Legearen azken erreforman sortutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea abian jartzea, ofizioz edo alderdi batek eskatuta aztertzeko eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza barruko edozein jokabide edo ekintza. Batzorde horrek beti jardungo du ofizioz polizia-jarduketa baten ondorioz heriotza bat izan bada edo lesio larriak eragin badira.
  • Ertzaintzaren barruan grabazio-kamera indibidualen erabilera hedatzea. Une hauetan Brigada Mugikorreko Bizkor patruilek baino ez daramate uniformean. Jaurlaritzak pixkanaka hedatuko du grabazio-sistema horien erabilera Ertzaintzako beste unitate batzuetara. Neurri berritzailea da, eta bermatzailea izango da herritarrentzat, agenteentzat eta, azken batean, sistemarentzat berarentzat.

BELAUNALDI-BERRITZEA

Josu Erkorekak argi utzi du ereduak funtziona dezan euren misioa betetzeko behar adina agente izango direla bermatu behar dela. Gogoratu du Ertzaintzaren egitura 8.000 agentek osatzen dutela, eta une hauetan horietatik 7.500 agente daudela jardunean. Gainera, legealdian zehar 1.584 agentek hartuko dute erretiroa, eta horrek guztiak eskatzen du lehentasuna ematea belaunaldien txandari eta errolda gaztetzeari. Hori dela eta,

  • Legealdi honetan 4 hautaketa-prozesu deituko dira, urtean bat.
  • Urtea amaitu aurretik deituko da lehenengoa, Ertzaintzaren XXX Promozioa, 700 plazakoa.
  • Emakumeak hautaketa-prozesuetara aurkeztea bultzatuko da, erroldan emakumeen presentzia areagotu ahal izateko.
  • Hautaketa-prozesuetan euskararen erabilera sustatuko da, barne harremanetarako eta herritarren arretarako ohiko hizkuntza izan dadin.

ELKARRIZKETA SINDIKATUEKIN

Azkenik, Josu Erkorekak Ertzaintzaren Mahai Sektorialean eta Kontseiluan ordezkaritza duten sindikatuekin elkartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Jada egin da lehenengo bilera lau sindikatuekin, ERNE, ESAN, EUSPEL eta ELArekin, eta, alde horretatik, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak esan duenez, espero du hemendik aurrera harreman arina eta zintzoa izateko balio izatea, denon artean hobetu ahal izateko Ertzaintzak herritar guztiei ematen dien zerbitzu publikoa.