Itun sozial berria, etxebizitzaren, hiri-berroneratzearen eta trenbideko garraioa sustatu eta modernizatzearen alde

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean hitz egin du, bere sailak datozen lau urteotan izango dituen jarduketa-ildo orokorrak azaltzeko; ildo horiek, hasieran esan duenez, “zati handi batean, EAJren eta nire alderdiaren, PSE-EEren artean sinatutako Akordio Gobernuan ezarritako konpromisoaren garapena dakarte”. Arriolak legegintzaldi honetarako ardatz estrategiko gisa honako hauek ezarri ditu: Euskadin etxebizitza babestua etengabe areagotzea eta itun sozial berria prestatzea, 15 urtera alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa bikoizteko aukera emango duena; auzo kalteberak berroneratzea eta Bultzatu 2050 Hiri Agenda ezartzea, eta mugikortasun jasangarria sustatzea, funtsean trenbideko garraioaren modalitateetan oinarrituta, gizarte- eta lurralde-kohesio handiagoa izateko.

Etxebizitza

Etxebizitzara jotzeko aukerak jarraituko du izaten, legegintzaldi honetan, hainbat gizarte-mailak gehien eskatzen duten kontuetako bat, baina are nabarmenago, osasun-krisiaren ondorioz. “Gure Saila –esan du Arriolak– horren jakitun dago, eta inbertsio bat antolatuko du, pixkanaka, Euskadiko etxebizitza babestuaren parke publikoa etengabe areagotzeko, bai berezko ekoizpenaren bidez, bai etxebizitza hutsa erakartzearen bidez, pasa den legegintzaldian hain emaitza onak izan zituela aintzat hartuta”. Etxebizitza hutsak erakartzeko Bizigune programak 2017ko urtarrilean 4.480 etxebizitza zituen eta, gaur egun, 6.224, alegia, % 38 areagotu da kopurua.

Helburu horrekin, Etxebizitzarako Itun Sozial berria planteatuko da, 15 urtera begira, eta helburua honako hau izango du: alokairu eskuragarriko eskaintza publikoa aldi horren amaieran Euskadin dauden etxebizitza nagusien % 5 izatea; hala, egungo ehunekoa bikoiztuko da (% 2,5), eta areagotu egingo da eskaintza (24.000 etxebizitza gehiago).

Era berean, babes publiko iraunkorreko etxebizitzen parkea data horretan Euskadin dauden etxebizitza nagusien % 10 izatea proposatuko da, alegia, 102.000 inguru.

Legegintzaldi honetarako Etxebizitzaren Gida Planaren helburua Etxebizitza Legearen eta haren ondoriozko araudi-garapenen betearazpen eraginkorra izango da, etxebizitza duinerako, egokirako eta eskuragarrirako sarbidea emateko merkatu librean etxebizitzara jo ezin dutenei, bereziki eskubide subjektiboaren onuradunei eta kalteberatasuneko eta gizarte-bazterketako egoeretan daudenei.

Gida Planaren helburuak betetzeko, lehentasunezkoa da Etxebizitza Legearen aurreikuspenak garatzen dituzten dekretu eta aginduen izapidetzea amaitzea, besteak beste Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa arautzen duen Dekretua izango denarena. Bestalde, honako dekretu hauek ere onetsiko dira: batetik, Bizigarritasun Dekretua, erabilera anitzeko espazio malguagoak –bertako okupatzaileen egungo eta etorkizuneko beharretara egokituko direnak– sor daitezen sustatzea helburu duena, bai eta infraetxeak saihestea eta gainokupazioa etetea ere; eta, bestetik, Etxebizitza Hutsaren Dekretua, etxebizitzek haien xede soziala bete dezaten eta dagozkien bizitegi-erabilera lortzeko. Eta Etxebizitzako Sarbideari buruzko Dekretua eguneratuko da; haren proposamena da esleipen-prozedurak eta sarbide-eskakizunak hobetzea, beharrizan gehien duten kolektiboen mesederako.

Etxebizitzako sarbidearen bidez gazteen emantzipaziorako bide emateak jarraituko du lehentasunetako bat izaten. Kolektiboarentzako araudi-hobekuntza bereziak sartuko dira, dagoeneko abian diren neurri bereziez gainera –besteak beste kolektibo horri zuzendutako zuzkidura-bizitegiak sustatzea, etxebizitzen esleipenetan gazteentzako kupoak ezartzea edo Gaztelagun programako errentamendurako laguntzak–. Gainera, kolektiboarentzako berariazko arau-hobekuntzak sartzea aztertuko da.

Errentamendu babesturako etxebizitzen sustapena bultzatzeko dagoeneko dauden laguntza ekonomikoez gainera, beste laguntza-ildo bat ere egongo da, alokairu eskuragarriko etxebizitzen eskaintza osagarrirako bide emateko. Era berean, 3.000 biztanle baino gutxiagoko landa-eremuko udalerrietan alokairua sustatzeko jarduketa gehiago sartu dira; udalerri horiek etengabeko despopulazioaren arazoa bizi dute. Halaber, etxebizitzara jotzeko aukeren formula alternatiboen eta malguen sustapena ere sartu da; etxebizitza horiei elkarlaneko etxebizitza edo cohousing esaten zaie.

Era berean, etxebizitza babestuaren modalitateen prezio publikoen araudia eguneratuko da, 2010ekoa baita aurrekoa; hala, harrezkero sustapenaren eta eraikuntzaren kostuetan eta etxebizitzaren merkatuan erregistratutako bilakaerara egokituko da.

Birgaitzearen, zaharberritzearen eta hiri-berroneratzearen eremuan, laguntzen araudi erregulatzaile bateratua jarriko da abian, benetako beharrekin bat datorrena, are gehiago, eta Europar Batasunaren Next Generation-Berreraikitzeko Planean aurreikusten diren efizientzia energetikoaren eta irisgarritasunaren eskakizunekin bat egiten duena, are gehiago. Hori horrela, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko beste Renove Plan bat sustatuko da; planak urteko deialdirik gabeko laguntzak jaso ditu, eta irisgarritasunerako, efizientzia energetikorako eta kanpoko bizigarritasunerako bide ematen du, lehentasunez.

Lurralde Plangintza

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak onetsi ondoren, araudiaren gainerakoa zehaztapen berrietara egokitu behar da. Dagoeneko hasi da Arabako Foru Aldundiarekin batera Arabako Erdialdeko eta Arabako Errioxako Lurralde Plan Partzialen (LPP) berrikuspenean lan egiten; abian dago Bilbo Metropolitarreko LPPa, eta laster hasiko da, Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan, Debagoieneko, Debabarreneko, Urola Kostako eta Goierriko LPPak berrikusten.

Era berean, Kostaldea Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana egokituko da, eta, horretarako, kostaldeko guneetan itsasoaren mailaren igoeraren kontrako ondorioetara eta muturreko olatuetara egokitzeko neurriak identifikatuko dira, lurraldearen erresilientzia areagotzeko, ingurune naturalean, landa-ingurunean eta hiri-ingurunean.

Bestalde, Turismo, Kontsumo eta Merkataritza Sailarekin bat etorriz, Turismo Baliabideen Arloko Lurralde Plana idazten hasiko da, eta Energia Berriztagarrien ALPa izapidetzen amaituko da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskutik. Halaber, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara egokitzeko lanari ekingo zaio.

Gainera, Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agenda ezarriko da; horretarako, maila anitzeko gobernamendu-sistema garatuko da, eta Gobernuko sailen, foru-aldundien eta udalen arteko lankidetzarako bide emango da. Gobernamendu-esparru zaila dela aintzat hartuta, eta lurraldean esku-hartze sektorialerako zenbait eremu dituela eta partaidetza handia behar dela kontuan hartuta, Bultzatu 2050 Foroa sortzea proposatzen da, gobernamendu-mekanismo berezi gisa.

Azken hiru urteotan, auzo kalteberenetan esku hartzearen bidez Bultzatu 2050 garatzeko oinarriak ezarri dira, etxebizitzen efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna ez ezik, ingurumeneko, gizarteko, ekonomiako eta gobernamenduko alderdiak ere hobetzeko. Abian diren proiektu pilotuen bidez lortu den esperientziak –Otxarkoaga, Txonta, Txomin Enea, Aramotz (Durango) eta Koroatzea— aukera emango du, orain, gure lurralde osotik zabalduko den ekintza-plana sustatzeko; horretarako, oraintsu eguneratu den Hiri-kalteberatasunaren inbentarioa dago.

Azpiegiturak eta garraioak

Eremu horretan, Mugikortasun Jasangarriko Legearen proiektua prestatuko da, garraioko sistema integratuaren garapena sustatzeko, 2030 Agendaren helburuak aintzat hartuta, efizientea eta jasangarria dena, lurralde-kohesioa sustatzen duena eta egungo ereduaren ondorio negatiboak murrizten dituena. Lege-esparru horrekin batera, Mugikortasun Jasangarriko Plana prestatuko da, eta plan horrek Euskadiko garraio-sistemak lurraldeko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-beharretara egokitzen direla bermatzeko jarraibideak ezarriko ditu.

Gainera, Elkarreragingarritasun Sistema sortzeko lan egingo da, erabiltzaileek autonomia-erkidegoko garraio-sistema guztiak erosotasunez erabili ahal izateko, operadore guztiek aitortzen duten ordainbidearekin.

Tranbia-sarea dela eta, hura honako jarduketa hauekin garatuko da:

  • Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzoraino eramateko handitzen jarraitzea, eta hura abian jartzea.
  • Proiektuaren informazio-azterlana amaitzea, tranbia Zabalgana auzora eramateko. Legegintzaldi honetan tarte horren obrak hasteko aukera emango duten eraikuntza-proiektuak idazteko aurretiko urratsa da, finantzaketa-hitzarmenak sinatu ondoren.
  • Vitoria-Gasteizen kotxe-toki berrien informazio-azterlana idazten amaitzea, eta haren ingurumen-izapidetzearekin eta eraikuntza-proiektuaren idazketarekin jarraitzea.
  • Bilbon aurreikusten da Bilboko tranbiarako kotxe-tokietarako beharren azterlana egitea, eta hiru jarduketari buruzko informazio-azterlanak amaitzea: bertako Tranbia Eraztuna amaitzea, Atxuri-Kale Nagusia tartean bidea bikoiztea eta Bolueta-Etxebarri tartean tranbia jartzea.
  • Halaber Zorrotzaurreko tranbia handitzearen definizioari ekingo zaio.

Trenbidearen eremuan, datozen urteotan trenbide-sarea modernizatzeko jarduketek ere ondorio garrantzitsuak izango dituzte Euskadiko zenbait udalerriren hiri-hobekuntzan. Hura gauzatzeko, dagozkion hitzarmenak ezarriko dira eraginpean dauden udalekin. Honako hauek dira lehentasuna duten jarduketak:

  • Egungo Lezamako Bide Zaharra eraldatzea, eta burdinbide berde ireki bilakatzea.
  • Zarauzko EuskoTrenen geltoki berria eraikitzea eta trenbidea integratzea.
  • Oinezkoentzako pasealeku berria trenbide-trazaduran Eibar erdigunea-Azitain tartean, eta foru-bidegorriarekin lotzea, inguruneko udalerrien arteko kohesio-elementu gisa.
  • Bentak-Muga tarteko topoaren linea berria. Jarduketa garrantzitsu horrek, IRUN Bidearen eragiketarekin konbinatuta, egungo linearen trazadura ADIFen bideen hondartzaren alboko gune batera lekualdatzea dakar, eta, hala, hiri-ingurunea trenbide-lubakitik liberatzea.
  • Trenbide-pasaguneak kentzeko programarekin jarraitzea eta berriro sustatzea, eta, horretarako, euskal trenbide-sarearen irisgarritasuna bultzatzea.

Autobus Elektriko Adimenduna dela eta, hura amaitzea eta Vitoria-Gasteizen eta Donostian BEI abian jartzea aurreikusten da, bai eta BEI Leioa-Unibertsitatea (EHUko campusa Bizkaian) linean ezartzeko aukera aztertzea ere.

Legegintzaldiko helburu nagusietako bat Euskadiko Trenbide Sare Berriaren (Euskal Y esaten zaio) sustapena da, bai zuzeneko eskumenen esparruan, bai abiadura handiko linea gauzatzeko bide emango duten erakundeen arteko lankidetza-formulen bidez.

Hala, indarrean dagoen egungo kudeaketa-gomendioak zehaztutako esparruan, dagoeneko lizitatuta dauden edo gauzatzen ari diren tarteetan obrak amaitzea aurreikusten da, bai eta Astigarraga-Lezo tartearen informazio-azterlana amaitzea ere, Astigarragako geralekuko obrak eraikitzeko eta gauzatzeko proiektuak idazten hasteko aurretiko urrats gisa.

Trenbide-sare berriak hirietara duen sarbideen garapena dela eta, honako jarduketa hauek planteatzen dira:

  • Abando-Bilbo geltokia: behin betiko ixtea geltoki berriaren finantzaketa-hitzarmena.
  • Vitoria-Gasteizko geltokia: ingurumen-izapidetzea amaitzea eta finantzaketa-hitzarmenak idaztea.
  • Atotxako geltokia: dagoeneko kontratatuta dauden obrekin jarraitzea eta amaitzea.
  • Irungo geltokia: Oinarrizko proiektua ixtea, Adif-ekin jarraipena egitea eta lankidetzan jardutea, eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak hastea.

Era berean, aurrera egingo da Garraio Ministerioarekiko lankidetzan, gomendioaren bigarren eguneratzearen baldintzak zehazteko. Horrek, besteak beste, honako hauek jasoko ditu: eraikuntza-proiektuak idaztea eta Bilbora Zaratamo-Cantalojas tartean trenbide-sare berria sartzeko obrak eta Arkauteko lotunearen obrak gauzatzea –trenbidearen Yaren adarra Altsasuarantz eta Irunerantz jarraitzen duen Renferen linea konbentzionalarekin konektatzen du–.

Lau urte hauetan, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak espero du topoa Zumaia-Irun eta Tolosa-Donostia ardatzetako trenbide metropolitar bihurtzeko beharrezkoak diren jarduketa guztietan aurrera egingo duela, Loiolako Erriberen interkonexioaren bidez. Horretarako, jarduketa hauek egitea aurreikusten da:

  • Donostia-San Sebastiángo lurpeko trenbide-igarobidearen amaiera; gaur egun lanak aurreratuta daude.
  • Orio eta Usurbil bitarteko trenbide-trazadura berria. Egungo ibilbideko 1,5 km murriztu ahalko da, eta bide bikoitza egin ahalko da.
  • Altza-Galtzalaborda topoaren tarte berria; gainera, Pasaian trenbide-lubakia ezabatuko da.
  • Loiolako Erriberen trukagailua

Sailak, legegintzaldi honetan, Bilbo Handiko trenbide metropolitarreko bidaiarien garraio-sarearen garapen kontzeptuala amaituko du, epe ertaineko eta luzeko ikuspegiarekin. Hori horrela, Bilboko Metroko 4. linearen eta hegoaldeko zonaren informazio-azterlanaren eta 5. linearen informazio-azterlanaren eta hura Durango-Bilbao-Txorierri trenbide-linean integratzearen inguruko ondorioak edukitzean, erakundeen arteko ezinbesteko adostasuna bilatuko da, hura finantzatzeko.

Arriola sailburuak nabarmendu du, gainera, osasun-krisia izaten ari den gizarte- eta ekonomia-inpaktua kontuan izan behar dela, eta beharrezkoa dela administrazio eskudun guztien talka-plana, egungo egoerari aurre egiteko, garraiatzen den ohiko pertsona-kopurua berreskuratzen den bitartean. Eta honako hau esan du: “aztertu beharko da, halaber, nola murriztu, ahalik eta gehien, euskal administrazioek kudeatzen duten garraio publikoaren sistemaren ustiapenagatiko defizit globala; hura, aurten, pandemiaren ondorioz, 300 milioi eurotik gorakoa izan daiteke”.