Pedro Azpiazu: «Gure asmoa aurrekontuetan akordio zabala lortzea da»

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazu elkarrizketatu dute, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, zuzentzen duen sailari dagozkion gaurkotasun-gaiak errepasatu ditu.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza 2021eko EAEko Aurrekontu Orokorrak diseinatzen ari da, eta bertan, osasuna, hezkuntza, trantsizio energetikoa eta klimatikoa eta enplegua lehenetsiko dira. Azpiazu sailburuak jakinarazi du abenduaren 15ean Gobernu Kontseiluak Aurrekontu Proiektua onartu eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko duela. Gainera, Legebiltzarreko alderdi guztiekin hitz egiteko asmoa agertu du. «Proposamenak aurrekontuen eta eskumenen esparruan kokatzen badira, aztertu ahal izango ditugu. Gure asmoa akordio zabala lortzea da», adierazi du.

Europar Batasuneko Next Generation Funtsari dagokionez, Azpiazu sailburuak onartu du une honetan nahasmen handia dagoela horren inguruan, eta Ursula Von der Leyenek astelehenean emango dituen argibideen zain daudela, baita Espainiako Gobernuak arlo horretan egingo dituen jarduketen zain ere. Hala eta guztiz ere, Pedro Azpiazuk azpimarratu du Eusko Jaurlaritza proiektuak lantzen ari dela aurkezteko unea iristen denean prest egoteko; sailburuaren arabera, proiektu horiek sinergiak bilatzen dituzte euskal erakunde guztien artean. Gainera, proiektuak definitzean euskal enpresekin lankidetza publiko-pribatuan lan egitearen garrantzia azpimarratu du. Funts horiek noiz iritsiko diren ez dakiten arren, Azpiazuk azpimarratu du proiektuak Europako funtsak iritsi ala ez aurrera eramango direla.

Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak proiektu propioak garatzeko dirua lortzeko benetako aukerak dituela nabarmendu du sailburuak. «Gure kontu publikoak saneatuta daude eta merkatua guregan interesatuta dago», adierazi du.

Ekonomia Itunari dagokionez, Ekonomia eta Ogasun sailburuak itundu beharreko zerga berriak aipatu ditu, hala nola finantza-transakzioen zerga edo zerga digitala, autogobernu fiskalerako gaitasuna irabazteko. “Hiru hilabete ditugu Kongresuan onartu ondoren adosteko», azaldu du.

Era berean, Pedro Azpiazu sailburuak azpimarratu du une honetan ez dela egokia zergak igotzea, ekonomia bultzatzeko unea dela esan du. «Fiskalitatea aztertzeko unea iritsiko da, krisiaren ondorioak ikusita», adierazi du.

Erregistratutako langabeziari buruzko azken datuei buruz galdetuta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi du beharrezkoa dela datua sakon aztertzea; izan ere, langabezia-tasa jaitsi egin dela egia bada ere, enplegu-bilaketa aktiboan dauden pertsonen kopuruak behera egin du. «Datu horren bilakaera ikusi behar da», gaineratu du.