Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak eta Donostiako Udaltzaingoak euren komunikazioak integratuko dituzte zerbitzu telematiko aurreratuen bidez

0
PRUEBA

Segurtasun Sailaren mende dagoen Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa (SOS Deiak) eta Donostiako Udaltzaingoa zerbitzu telematiko aurreratuen bidez komunikatuko dira hemendik aurrera Gipuzkoako hiriburuarekin erlazionatutako larrialdiekin zerikusia duten jarduketetan, eta horri esker bi erakundeen arteko koordinazioa hobetuko da. Sistema horretan integratuko den EAEko lehenengo udaltzaingoa izango da.

Komunikazio-pasabide informatiko hori web-zerbitzuetan oinarrituta dago, eta egungo telefono bidezko sistema ordezkatuko du. Horri esker arreta hobea eman ahal izango zaie larrialdiei, informazio-trukeak berehalakoak izango baitira eta transmisio-akatsak izatea saihestuko baita. Horrez gainera, informazioa Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratuta dauden beste erakunde batzuek ere partekatuko dute.

“Ekimen honen bidez herritarrei azkarrago erantzun ahal izango diegu larrialdien arloan eta gure sistema optimizatuko dugu gaitasun teknologiko berriekin”, adierazi du Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituak.

Pasabide berriak bi norabideetan trukatuko ditu datuak eta jakinarazpenak, Donostiako Udaltzaingoaren “gorabeheren kudeaketa” aplikazioak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko larrialdietako sistema integralarekin (EUSKARRI) izango duen konexioari esker, eta larrialdiari hasiera ematen zaionetik berehala emango da alerta-egoeraren berri, eta esku hartuko duten erakundeak, jarduketaren bilakaerari buruzko informazioa, mobilizatutako baliabideen egoera operatiboa, jarduketaren amaiera eta, behar izanez gero, berriz irekitzea jakinarazi ahal izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko larrialdien kudeaketa integralerako EUSKARRI sistema informatikoak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (SOS Deiak) egiten duen koordinazio-operatiboari ematen dio euskarria. Eta Udaltzaingoa sistema horretan sartuko da orain. Honako zerbitzu hauek daude plataforma teknologiko horretan integratuta: Ertzaintza, Osakidetza-Emergentziak, ETKZ-CGTE (Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa-Centro de Gestión de Tráfico de Euskadi), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foro-aldundietako suhiltzaileak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko suhiltzaileak.

Herri Segurtasun eta Herri Babeseko Zinegotzi Martin Ibabek azpimarratu du, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa hobetzen jarraitzeko garrantzia: “Donostian bi poliziek egiten dugun elkarlana oso ona da eta hirian gertatzen diren gertakariei aurre egiteko balio digu. Tresna berri honekin beste aurrerapauso bat emango dugu, izan ere, operatiba eraginkorragoa izateko aukera emango ditu, une oro gertatzen dena jakiteko, eta sortzen diren beharrei aurre egiteko kideak eskatu edo uzteko”.