Lehendakariak, memoria egunean, gazteek “Euskadiren memoria hurbila ezagutzeko” duten eskubidea nabarmendu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Memoria Egunaren ekitaldi nagusian parte hartu dute; ekitaldia gaur arratsaldean izan da, Bilbon, Gogora Institutuaren egoitzan. Ekitaldian, Ainhize San Andrés eta Joanes Atxa gazteek parte hartu dute; Euskadin historia hurbilean terrorismoaren eta indarkeriaren biktimek jasan duten sufrimendua ezagutzeko beharrari buruzko hausnarketa partekatu dute.

Gazteek hitz egin ondoren, Lehendakariak gazteak aipatu ditu eta “ezagutzeko eta parte hartzeko duten eskubidea eta memoria eraikitzeko beren ikuspegia azaltzeko duten eskubidea” ere aipatu ditu. Belaunaldi gazteenei memoria transmititzea da 2020ko Memoria Egunaren ideia nagusia, eta hala laburtzen da leman: ‘Atzera begiratu aurrera jarraitzeko’. Lehendakariaren hitzetan, “begirada kritikoa eta autokritikoa da; iraganeko akatsak ez errepikatzeko ikasteko borondatearekin; hurbileko begirada, inklusiboa, enpatikoa, irekia, guztion esperientziak eta sufrimendua barne hartzen dituena, eta ondasun erkide baterako, bizikidezarako, begirada partekatua”.

Urkullu Lehendakariak esan duenez, gazte horien hitzak “etorkizuneko hitzak dira, iraganari begiratzeko modu berritua erakusten dute, eta oraineko eta etorkizuneko Euskadiren oinarri izango diren printzipio eta balioak dira”

Covid19-aren ondoriozko pandemiaren testuingurua aintzat hartuta, gaurko erakunde-ekitaldia normalean baino formatu murriztuagoan egin da. Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batera, honako hauek ere izan dira: Josu Erkoreka lehen lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Idoia Mendia bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua; Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Halaber, Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluan ordezkaritza duten talde legebiltzarkideak ere gonbidatu dira. Eusko Jaurlaritzaren Memoria Eguneko ekitaldi nagusian terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak izaten dira, bai eta gainerako sailburuak eta foru-aldundiak ere, baina, oraingoan, asistentzia mugatu egin da eta ekitaldia online jarraitzeko aukera eman da.

Ekitaldia 17:00etan hasi da, eta Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariak ongi etorria eman ondoren, Ainhize San Andrések eta Joanes Atxak hartu dute hitza. 20 eta 21 urteko gazteak dira, eta Bigarren Hezkuntzaren etapan izan zirenean, Eusko Jaurlaritzaren Adi-Adian programan parte hartu zuten. Programa horren bidez, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen lekukotza eramaten da ezagutzera ikastetxeetara. Biek aipatu dute esperientzia hori ez dutela ahaztu.

Ainhize San Andrések gogorarazi duenez, “lekukotzak benetan hunkigarriak izan ziren, barrua erabat mugitzeko eta ilea lazteko modukoak”. Biktimen gainean, honako hau esan du: “benetan goraipatzekoa da egoera hura eteteko izan zenuten erresilientzia, gertakari lazgarri horiek kontatzeko duzuen naturaltasuna eta zuon begiradak transmititzen duen bakea”.

Joanes Atxaren iritziz, esperientzia horrek ekarri dio memoriaren eraikuntzan barrutik parte hartzeko aukera, eta “hori gazteen kontzientziaziorako bilakaera bat da. Kontatu duen esperientziak, bere iritziz, ezjakintasunetik kontzientziara eginiko bidea erakusten du, “eta trantsizio horrek aurreiritziak aurrez aurreko kontaketa bilakatzen ditu, eta asmo bakarrarekin: kontaketa kritiko baten pedagogia”.