Javier Hurtado sailburuak euskal ostalaritzarako laguntza-programa berria aurkeztu du

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok pandemiak euskal ostalaritzan dituen ondorioak arintzeko laguntza-programa berri bat —30 milioi euroko zuzkidura duena— aurkeztu du. Laguntza horien helburua da euskal ostalaritzaren sektoreari babesa eta euskarria ematea, osasun-krisiaren eragin ekonomikoa txikiagotzeko. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak zein beste erakunde batzuek gaur egun ematen dituztenak osatuko dituzte, eta, beraz, bateragarriak dira haiekin.

Euskal ostalaritzarako laguntzetarako deialdia 30 milioi euroko zenbatekoarekin egingo da. Horietatik, 25 milioi euro Ekonomia eta Ogasun Sailak bideratuko ditu, eta gainerako 5 milioiak, berriz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Sailburuak azaldu duenez, 5 milioi euro horiek aurreko covid-19 aparteko laguntzen soberakinetatik lortu dira, merkataritzara bideratutako zatian, bertan aurkeztutako eskaera guztiak bete egin baitira.

Laburbilduz, ostalaritzarako Covid19 laguntza berriek 30 milioi euroko zuzkidura dute, autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude, eta jarduerari eusten, galera ekonomikoak arintzen eta, era horretan, enpleguari eusten laguntzea dute helburu nagusi. Hori dela eta, enplegu hori bermatu ahal izan dadin, irekitzeko murrizketak kendu eta jarduerari berriz ekiten hasi ondoren jarduera horri gutxienez 4 hilabetean eusteko eskatuko zaie laguntzak jasotzen dituzten establezimenduei. “Sail honek konpromiso tinkoa du enpleguari eustearekin”, adierazi du sailburuak.

Euskadin, ostalaritzaren sektorearen % 99 baino gehiago mikroenpresek eta enpresa txikiek osatzen dute. Guztira, 12.219 establezimendu dira, eta, haietatik, erdiak baino gehiago langile 1ekoak edo 2koak dira. Zehazkiago, 8.297 establezimenduk 3 langile baino gutxiago dituzte, 3.224k 4-10 langile, eta 698k 10 langile baino gehiago.

Zehazki, 3 langile baino gutxiago dituzten establezimenduek 3.000 euroko laguntza jasoko dute, 4-10 langileko plantilla dutenek 3.500 euro, eta 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduek, berriz, 4.000 euro.

Euskal ostalaritzarako zuzeneko laguntzetara bideratutako 30 milioi euro horiekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 70 milioi eurora igo du erresistentzia-plana. 70 milioi horietatik, gutxienez 45 ostalaritzarako ezohiko laguntzetara bideratuko dira.

“Euskal ostalaritzarako laguntza-programa hori beste urrats bat da, eta 12.000 enpresa baino gehiagori laguntzea du helburu. Enpresa horietako gehienek, arestian esan dudanez, 3 langile baino gutxiago dituzte, haietako asko familia-negozioak dira, eta haietara iritsi nahi dugu, negozio horiei eta enpleguei eusten laguntzeko», amaitu du sailburuak.