Zornotzan 16 urteko adingabe bat atxilotu dute beste adingabe bati labana batekin eraso egin ondoren

0

Ertzainek 16 urteko adingabe bat atxilotu zuten atzo gauean Zornotzan, 15 urteko beste adingabe bati eraso egin ondoren. Biktima larri zaurituta eraman zuten ospitalera.

 

Atzo arratsaldeko bostak aldera gertatu zen erasoa, Zornotzako ikastetxe bateko irteeran. Ordu horretan  16 urteko adingabe batek ezaguna zuen 15 urteko beste adingabe bat zauritu zuen bizkarrean eta hanka batean.

Handik minutu batzuetara biktima Euskotrenen bertako geltokira hurbildu zen, eta laguntza eskatu zion lagun bati, eta honek deitu zuen SOS-Deiak zerbitzura.

Gertatutakoaren berri izan bezain laster hurbildu ziren Ertzaintzako hainbat patruila bertara, eta anbulantzia bat eskatu ondoren gaztea ospitalera eraman zuten. Biktimak ospitaleratuta jarraitzen du egoera larrian.

Une horretan ertzainek dagokion ikerketa jarri zuten abian, eta jakin ahal izan zuten erasotzaileak, 16 urteko adingabeak, biek ikasten duten ikastetxeko irteeran eraso egin ziola, dirudienez, liskar pertsonal baten ondorioz.

Agenteek atzo gaueko bederatzi eta erdiak aldera aurkitu zuten erasotzailea Zornotzan bertan, eta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten.

Polizia-eginbideak amaitutakoan, adingabea Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri dute gaur goizean.