Finantzen Euskal Institutuak eta Cofidesek lehen eragiketa bateratua formalizatu dute –9 m/€-koa–, Arabako NBI enpresa-taldea nazioartera zabaltzen laguntzeko

0
PRUEBA

Fco. Javier Arnaez Finantzen Euskal Institutuko Zuzendari Nagusiak, Rodrigo Madrazo eta Miguel Ángel Ladero COFIDESeko Zuzendari Nagusiak eta Inbertsio saileko Zuzendariaren albokoak, eta Javier Raya eta Roberto Martinez de la Iglesia NBI BEARINGS EUROPE SAko finantza-zuzendariak eta presidente exekutiboak, hurrenez hurren, Turnatorie enpresaren kapital sozialaren % 100 eskuratzeko 9 m/€-ko mailegua (Finantzen Euskal Institutuak emandako 3 m/€ eta Cofidesek emandako 6 m/€) formalizatu dute. Cofidesen eta Eusko Jaurlaritzaren, azken horrek Finantzen Euskal Institutuaren eta Basque Trade & Investmenten bitartez, arteko lankidetza-hitzarmenaren ondorioz gauzatu den lehenbiziko eragiketa da.

Horrela, guztira bederatzi milioi eurokoa den bi erakundeen mailegu bidezko laguntzarekin ekin zaio Errumaniako Turnatorie enpresa erostean oinarritutako inbertsio-proiektuari. Mailegua, NBI Taldearen funts propioetako sei milioi euroko ekarpenarekin osatzen da.

NBI taldeak Okondon (Araba) du egoitza nagusia, eta Euskadin sei ekoizpen-planta ditu. Taldearen xedea industria-sektoreetarako doitasunezko errodamenduak eta balio erantsi handiko produktu teknikoak fabrikatzea da. 193 langile ditu, gehienak Euskadin. Bezero nagusien artean industria, trengintza, igogailu… sektoreetan erreferentziazkoak diren euskal enpresak, CAF, etab. daude. Halaber, 2015ean finantzaketa-iturriak dibertsifikatzeko prozesua amaitu zuen, akzioak saltzeko eskaintza publikoarekin, eta ordutik, gaur egun BME Growth izena hartzen duen Burtsako Merkatu Alternatiboan (MAB) kotizatzen du.

Balioa emango duten hazkunde ez-organikoko aukerak bilatzeko estrategiaren barruan jaso du NBIk mailegua, etorkizunerako apustu estrategiko argia eginez, aluminiozko osagaien horniduran espezializatuta dagoen Turnatorie konpainia erosteko. Esan behar da Turnatorie gune pribilegiatuan dagoela, leku hori Europako fabrikazio-polo garrantzitsuenetako bat delako.

Eragiketa hau, Finantzen Euskal Institutuaren, Cofidesen eta Basque Trade & Investmenten (BTI) eta SPRI Taldearen barruan dagoen Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren artean 2019ko erdialdean gauzatutako akordioaren lehen emaitza da. Akordio horren xedea euskal enpresek atzerrian ekoizpen- eta merkataritza-inbertsioak egiteko ekimenei laguntzea da, gorabidean dauden herrialde eta ekonomietan eta sektore berritzaileetan batez ere, klima-aldaketaren aurkako borrokan, besteak beste. Proiektuak elkarrekin finantzatzea, NBI Taldearekin gaur formalizatu dena, adibidez, ez da hitzarmenean jasotzen den konpromiso bakarra; aitzitik, lankidetza nazioartekotzeko dauden laguntzak hedatzeko eta kudeaketa koordinatua egiteko ekintza bateratuaren barruan sartzen da, nazioartekotzeko borondatea duen euskal enpresa-sarearen beharrak edo aukerak hautemateko eta horien eskaerei erantzuteko.                                     

Hiru erakundeek diseinatutako lankidetzarako esparruak zabaldu egiten du Eusko Jaurlaritzaren finantza-tresnen sorta, 2017-2020 aldirako Enpresak Nazioartekotzeko Euskal Planarekin bat etorriz, euskal enpresak nazioartekotzen laguntzeko duen lehentasunari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikita dagoen Finantzen Euskal Institutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikaren eta kreditu publikoaren tresna gisa jardutea du xede. Finantzen Euskal Erakundea 2008an sortu zen, politika publikoen eta enpresen partaidetzaren zerbitzura dagoen finantzaketa-erakunde publiko bihurtzeko erronkarekin, administrazio horren industria, enpresa eta korporazio arloetako tresnekin sinergian.

Cofides sozietate publiko-pribatua da, eta 1988tik finantza arloko laguntza ematen die Espainiako enpresek atzerrian egiten dituzten inbertsioei. Europar Batasunaren aurrean Batasuneko aurrekontua kudeatzeko akreditatutako erakundea da, eta, horri esker, garapenean eragin handia duten eragiketak egituratu ditzake. Bere akziodunen artean Banco Santander, Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA), Banco Sabadell eta CAF-Latinoamerikako Garapen Bankua daude.

 

  

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 26an