Komisario Berriak egitasmoaren proiektuak ikusgai egongo dira Tabakaleran, Azkuna Zentroan eta Artium Museoan

0
PRUEBA
  • Artearen munduko profesional berriak sortzea eta trebatzea du helburu programa honek
  • Musika, publizitatea eta argitalpenak abiapuntutzat hartuz esperimentaziorako eta hausnarketarako bidea ematen dute hiru proiektuek

Komisario Berriak 2020 egitasmoak babesten dituen hiru proiektuak ikusleentzat ikusgarri egongo dira datozen asteetan. Eusko Jaurlaritzak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko zentroak, Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaok eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Museoak bultzatutako ekimen honen helburua komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berrien sorkuntza eta finkapena bultzatzea da.

 Aurtengo edizioan honako hiru proiektu hauek babestu dira:

  • Artium Museoa: ‘Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan. Gasteizko bideo-musikal jaialdia 80ko hamarkadan’ Ane Lekuona, Itziar Gutierrez eta Iñigo Gómez Egiluz-ena.
  • Tabakalera: #ÁGORA / CEMENTO / CÓDIGO LEKUTAN-ek aurkeztua (Andrea Estankona eta Juan Pablo Ordu/Mawatres).
  • Azkuna Zentroa: ‘Espacio Publicitario (espacio público /espacio publicitario)’ Mario Paniegorena.

 Artium Museoa

Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomezek aurkeztutako «Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan» proiektua Gasteizko bideo-musikal Jaialdian murgilduko da laurogeiko hamarkadaren bigarren erdian, Juan Jose Narbona eta Isabel Herguera artisten proposamenen bidez, besteak beste. Testuinguruan bideoa praktika artistiko gisa agertzeak eragin sozial eta politiko nabarmena du obraren izaera prozesuala, erakundea eta eszena artistikoa bera modelatzen duten egiteko modu batzuetan, eta garai hartan pizgarri bat izan ziren. Donostiako Bideo Jaialdia, Gasteizko Bideo Musikalaren Jaialdia eta Tolosako Bideoaldia bezalako jaialdiek argi erakusten dute erakundeek interes handia dutela testuinguru hori zabaltzeko eta ikusizko iruditeria ugaltzen ari zen lengoaia baten aukerak publikoari eskaintzeko.

Proiektuaren berri izan nahi dutenek abenduaren 18tik aurrera izango dute horretarako aukera, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko A0.1 aretoan.

Tabakalera

LEKUTAN ikerketa laborategiak (Andrea Estankona eta Juan Pablo Ordu/Mawatres) bideratutako  #ÁGORA / CEMENTO / CÓDIGO proiektua disziplina anitzeko ikerketa da eta Tabakalerako webgunean, www.tabakalera.eus-en ikusgai izango da abenduak 3tik otsailaren 15era arte. Argitalpen, erakusketa eta ikerketa gisa proposatzen da proiektua. Helburua da espazio digital bat praktika estetiko garaikideen arloan esperimentatzeko, ikertzeko eta ekoizteko egitura gisa aktibatzea, ulertuta argitalpenak, gaur egun, ezin direla hitz inprimatuak bakarrik izan, eta, hortaz, konektatuta dagoen gizarte honi berezkoak zaizkion komunikazio- eta bitartekaritza-dinamikei egokitu behar zaiela.

Azkuna Zentroa

Mario Paniego artista bisual eta kontzeptualak «Espacio Publicitario (espacio público /espacio publicitario)» proiektua aurkeztuko du Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaoko Kulturaren Atarian abenduaren 3tik aurrera. Erakusketa-lan honek publizitateak gure bizitzan eta, bereziki, eremu publikoan izan duen gorakadaren azterketa proposatzen du. Proiektuak munduko hiri batzuk hartzen ditu aztergai, eremu publikoan publizitate-erabilera hori murriztu baitute eta ikusgarritasuna eman baitiote gai honen inguruan lan egiten duten nazioarteko kolektibo eta artista batzuen jarduera artistikoari eta aktibistari, herritarren artean hausnarketa sortzeko helburuarekin: beharrezkoa al da publizitatea eremu publikoan?

Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaok hainbat ekitaldi antolatu ditu erakusketa honen harira. Komisarioarekin topaketa bat egingo dute abenduaren 10ean eta urtarrilaren 20an erakusketa honek lantzen duen gaia aztertzeko, mahai-ingurua egingo da.

Komisario Berriak programa

Komisario Berriak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta lehen ediziotik Tabakaleraren, Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaoren, Artiumen eta Montehermosoren (Gasteiz) laguntza izan zuen. Hala, 2016an, laborategien formatuko topaketak egin ziren Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta horiei amaiera emateko, erakusketa bat egin zen Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaon (2016ko abendua eta 2017ko urtarrila) eta Montehermoson (2017ko urtarrila eta otsaila).

Komisario Berriak-en ibilbidea deialdi batekin hasi zen. Deialdi horren bidez, komisarioaren esparruan interesa zuten 10 pertsonako talde bat hautatu nahi zen, hiru egoitzatan. Bigarrenik, hautatutako 10 pertsonek lau edo bost eguneko hiru laborategitan parte hartu ahal izan zuten, eta horietan bi ikastaro-proposamenetan lan egin zen. Azkenik, egoitza-aldiaren ondoren, komisario parte-hartzaileek Bilbo eta Gasteizko erakusketa horiek erakutsi zituzten. Guztira, erakusketetara joan zen publikoa kontuan hartuta, 4.725 lagunek parte hartu zuten Komisario Berriak ekimenaren jardueretan. Lehen edizio haren ondoren, Komisario Berriak izan zen Kultur Hiriburutzaren legatu gisa jarraipena ematea erabaki zen ekimenetako bat.

2018ko edizioan, komisarioari laguntza eman zitzaion, azken hamarkadetan euskal praktika artistikoei arreta ematen zieten proiektuak ikusaraziz. Horretarako, deialdi bat egin zen berariazko azterketa-kasu gisa funtzionatzen duten proiektuetarako: artisten ibilbideak, erakusketak, espazioak, proiektuak, argitalpenak, eztabaidak, testuak eta Euskadiko praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak diren beste ekimen batzuk.