Tapia: «Europak inbertsio lehiakorrak lehenesteaz hitz egiten duen honetan, komenigarria da erkidego bakoitzak ingurune berritzaileak izateko egin duen ahalegina eta apustua gogoratzea eta datuekin alderatzea»

0
  • Azken datuen arabera, Euskadi da 2019an I+Gn gehien inbertitu duen Estatuko lurraldea (BPGren % 1,97)
  • Tapiak nabarmendu duenez, «ikerkuntzan eta teknologian inbertitzeko ahalegin hori bultzada publiko eta pribatuari esker egin da»
  • «Euskadik I+Gko inbertsioan buru izaten jarraituko duen 2021. urte baten aldeko apustua egiten ari gara; Eusko Jaurlaritzak % 6ko hazkundea izango du arlo horretan, euskal industriaren lehiakortasun-muskulua indartzeko estrategia erabakigarri gisa»

Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) datuak baloratu ditu gaur goizean; izan ere, Euskadi izan da 2019an I+Gn gehien inbertitu duen Espainiako lurraldea.

Tapiak Eraikune kongresuan eman duen hitzaldian egin ditu adierazpen horiek, gaur goizean, eta esan duenez, «berrikuntza industrialak edo eraikuntzaren berrikuntzak bakarrik ahalbidetuko dute ekonomia jasangarria eta bidezkoa suspertzea. Ez dugu esango gure jokalekua ezin hobea denik, baina ziurtatzen dizuet Euskadin, I+Gn inbertsio iraunkorra lortzeko egindako ahaleginari esker, Estatuko gainerako tokietan baino irteera hobea izango dugula suspertze horri aurre egiteko”.

“Eta ez da geure burua Estatuko autonomia-erkidegoekin alderatzea gustatzen zaigulako, -nahiago baitugu Europa iparraldeko beste eskualde berritzaileago batzuetara begiratu-, baina une honetan, Europako funtsei, horien kudeaketari eta banaketari buruzko eztabaida betean, Euskadi baliabideak erakartzeko interesa duen autonomia-erkidegoa da. Europak inbertsio lehiakorrak lehenesteaz hitz egiten duen honetan, komenigarria eta egokia da gogoratzea, eta datuekin kontrastatzea, erkidego bakoitzak ingurune berritzaileak izateko egin dituen ahalegina eta apustua».

“Estatistikako Institutu Nazionalak berriki emandako datuen arabera, Euskadi da 2019an I+G arloan gehien inbertitu duen erkidegoa. Gure BPGaren % 1,97 inbertitu genuen, eta ondoren Madril dago, % 1,71rekin.
Ikerketan, teknologian eta berrikuntzan inbertitzeko ahalegin hori lan publikoari eta pribatuari esker egin da, eta horrek lehia-faktore bat izan beharko luke proiektu berritzaileak indartuko dituzten funtsak erakartzeko”.

“Nolanahi ere, eta baliabide horien kudeaketaren emaitza ezagutu arte, gure ibilbide-orriak I+G arloaren aldeko apustu jarraitua izango du ardatz. Hala, 2021. urtean Euskadik inbertsio horretan buru izaten jarraituko du, eta Eusko Jaurlaritzak % 6ko hazkundea izango du arlo horretan, euskal industriaren lehiakortasun-muskulua indartzeko gai erabakigarria baita”.