Javier Hurtadok ostalaritzaren eta merkataritzaren funtsezko zeregina azpimarratu du Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadori elkarrizketa egin diote Onda Cero irratian, Euskal Merkataritzaren XXII. Topaketaren inaugurazioaren ondoren, eta sektore horrekiko elkartasuna helarazi du bertan, baita “tokiko merkataritza digitalizatzeko beharra” ere, “ezinbestekoa” baita Covid-19ak eragindako egungo krisian.

Elkarrizketan azaldu duenez, Sailak digitalizazioan prestatzeko laguntza emango dio tokiko merkataritzari, “gure hiriak eta herriak biziberritzen eta bere balio erantsia ematen jarrai dezan”. Gainera, “herritarrek gozatzeko espazio publiko handiagoa” lortzearen alde agertu da, hurbileko merkataritzarako mesedegarria izango delakoan. Horretarako, beharrezkoak izango dira “erakunde guztiak eraginpean hartuko dituzten zeharkako neurriak” eta sektorearekiko lankidetza.

Merkataritzako bonuari dagokionez, azpimarratu du “egun hauetan 15 milioi euro mobilizatuko dituela” eta “zeuden 500.000 bonuetatik dagoeneko 350.000 baino gehiago kontsumitu direla».

Ostalaritzaren kasuan, nabarmendu du sektore hori “funtsezko sektorea” dela, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aurreko 15 milioi euroei gaineratu beharreko 30 milioi euroko laguntza-lerro bat jarri duela abian. Orain arte, laguntza horiek jasotzeko 9.000 eskaera aurkeztu dira, eta eskaerak aurkezteko epea abenduaren 10ean amaituko da. Laguntzak “hilabete honetan bertan hasiko dira ordaintzen”.