Jokin Bildarratzek Alkizako Eskola Txikiaren eraikin berria bisitatu du

0
  • Alkizako 49 neska-mutiko, 2 urtetik 12ra bitartekoak, daude bertan eskolatuak
  • Irizpide bioklimatikoei eta jasangarritasunari jarraituz eraikia, ikasturte berriarekin estreinatu dute ikasleek eraikina
  • Hezkuntza Sailak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du eraikitzeko lanetan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordea lagun zuela, Alkizako eskola txikiaren eraikin berria bisitatu du gaur goizez. Ikasturte honetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako 49 neska-mutil (2 urtetik 12 urtera bitartekoak) ari dira bertan. Hezkuntza Sailak  1.509.619,62 euroko inbertsioa egin du, BEZ barne, eskola berria eraikitzeko lanetan. Emaitza, lau solairuko eraikina, orotara 824,44 metro koadroko azalera eraikia duena.

2020ko martxorako lanak bukatuta zirela, Alkizako ikasleak eskola berrira sartzeko zorian ziren. Baina Covid-19ren pandemiaren eraginez aurrez aurreko eskola jarduera eten egin zen Euskadiko eskola guztietan. Beraz, 2020-2021 ikasturte honetara arte, joan zen irailera arte, ikasleek ezin izan dute estreinatu eskolako eraikin berria. Lanek iraun zuten bitartean, eskolak Alkizako aterpetxean aurkitu zuen lekua, oso urrun joan beharrik gabe.

Alkizako hau, egun Euskal Hezkuntza Sisteman lanean ari diren 54 eskola txikietako bat da. 2.900 ikasle inguru dituzte ikasturte honetan 54 eskola horiek.

Adin aniztasuna bultzatzen duten eskola publikoak dira eskola txikiak. Horixe dute ezaugarri nagusi eta bereizgarri. Hau da, neska-mutil gutxi bizi den inguruetan daudenez, adin desberdinetako ikaskideekin osatzen dira taldeak eskola txikietan. Gainera, landa eremuan edo biztanle gutxiko guneetan egon ohi dira kokatuta, eskuarki. Beharrak eragindako egoera horiek bertute bihurtzen jakin dute eskola hauek, eta bereizgarri dituzten ezaugarriok hezkuntza-aukera aberasgarriak garatzeko ematen duten aukera baliatuz, lan-dinamika eta metodologia berritzaileak ezartzen asmatu dute eguneroko jardunean.

Handitze lanak eta irisgarritasuna

Alkizako  aurreko eskola bi solairukoa zen (beheko solairua + altuera bat), eta barne banaketa eta egitura ez ziren oso egokiak handitze lanak egiteko. Gainera, irisgarritasun-arazo handiak ere bazituen, espazio horietan igogailu bat integratzea ezinezko gertatzen baitzen. Horregatik, Hezkuntza Sailak eraikin zaharra eraistea eta 4 solairu erabilgarri (beheko solairua + 2 solairu + ganbara) dituen eraikin berria jasotzea erabaki zuen.

Horrela, lanak egin ondoren, Alkizako eskolak beren espazioak handitu egin ditu bi solairu gehiagorekin, eta eraikin zaharrean igogailurik ez egoteak zekarren irisgarritasun-arazoa ere konpondua gelditu da.

Herriko plazara begira dagoen eskola

Alkizako eskola txikiaren eraikin berria eskola zaharra zegoen orube berean jaso da. Eguraldi txarrari eta errepideari bizkarra emanez, ipar-mendebaldean zerbitzuguneak kokatu dira (biltegiak, galdara-gela, komunak, eskailerak…). Areto eta ikasgelak, aldiz, hego-mendebaldean daude, herriko plazara begira, eguzki begitan eta bailararen gaineko ikuspegia aurrez aurre dutela, eskola herriari irekitzen dioten leiho handi batzuen bidez.

Eraikuntza lanak irizpide bioklimatikoei eta jasangarritasunari jarraituz egin dira, eguneroko jardunean energia aurrezte handia bermatuz honela. Lehen aipatutako orientazioaz gain, egurra aukeratu da eraikuntza-material nagusi gisa: eraikinaren egitura eta itxiturak, eta baita barruko hormak ere, zurezko panelez eraiki dira. Berezitasun horiekin, lehorrean egindako eraikuntzaren (ur konstumo baxua behar duena eraikuntzan) eta ingurumena errespetatzen duen eraikinaren ezaugarriak betetzen ditu. Beraz, oso energia kontsumo baxuko eraikina da, fatxadetan zein teilatuan isolamendu termiko eraginkorrak dituena.

Barnean ere, elementu askok laguntzen dute bertan dauden lagunen ongizate-sentsazioa handitzen. Espazio zabalago eta argitsuagoez gain, gela eta areto guztiek zarata xurgatzen duten panelak dituzte sabaietan; berogailuak biomasa-errekuntzaren bidez funtzionatzen du (pellet-galdararekin) eta beroa lurzoru erradiatzailearen bidez banatzen da eskolan.

Alkizako eskola txikiaren eraikin berriak dituen instalazio guztien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak.

  • 2 urteko gela
  • Talde txikiko gela
  • Erabilera anitzeko gela
  • 4 ikasgela
  • Komun egokituak
  • Plastika tailerra
  • Irrati gela

Azalera erabilgarria guztira: 677,93 m²

Azalera eraikia guztira: 824,44 m²

Hezkuntza Sailaren inbertsioa: 1.509.619,62 € (BEZ barne)