Balmasedako herrigunea zeharkatzean Cadaguaren ibilgu bete-betean zegoen Cascajaleko horma kendu du URAk

0

Uraren Euskal Agentziak Cascajaleko horma kendu du: Balmasedako herrigunea zeharkatzean, Cadaguaren ibilgu bete-betean. 28 metro luze eta 1,5 metro garai, Balmasedako epaitegien ondoko zubitik 100 metro bat ibaian gora, ibilguaren eskuinaldean.

Hormigoizko horma hori 110 metro luze eta 25 metro zabal den alubioi-metakin (ibaiak natural garraiatutako garraio-masa eta sedimentuak)  baten goiko aldean (ibaian gora) eraiki zen. Metakinok erabat finkatuta daude (bertan, itzal platonondo baso txiki batek aurrera egin du, eta zubitik gertuen dagoen zatian, dorretxo elektriko bat ere eraiki da).

Eraitsitako paretak 45 gradu inguruko angelua osatzen zuen ibilguaren luzetarako ardatzarekin, ibaiaren noranzkoranz: beraz, ur-goraldietan, korrontea ezkerraldeko etxeetara desbideratzen zuen.

Hormaren kentze horrekin, Cadaguaren tarte hori  naturalizatu nahi izan da; alegia,  ibilguaren aurreko morfologia berreskuratu. Izan ere, hormak zeharkako jarraitutasuna (hau da, ibilguaren eta uholde-lautadaren arteko lotura) eten egiten zuen, eskuineko erriberaranzkoan. Era berean, hormaren azken aldeko hormigoizko puxkatzar  eta kutxatilatzar  (arketak) zaharrak eraitsi dira.

Jarduketa Balmasedako Udalaren eta URA-Uraren Euskal Agentziaren arteko lankidetza-hitzarmen baten esparruan gauzatu da: ibilguak lehengoratzeko eta kontserbatzeko jarduerak egiteko hitzarmena. Jarduera egiteko, 35.000 euro  inbestitu dira (gehi BEZa).

Horma kendu ondoren, ibaiertza birmoldatu da, eta legar naturalak zabaldu dira obrek ukitutako zerrendan, korrontearen eraginpean utzita. Uraldien joan-etorriak legarrak mugitzea eta legarrezko ibai-hondartza txiki bat sustatzea aurreikusten da, ur gutxi datorrenerako ibilguaren eta lehendik zegoen ibai-terrazaren (alubioi-metakinez osatua)  artean ondo-ondo txertatuta (harkaitz-ohe baten eta landare-lurrezko gainazala duen legar-geruza baten gainean finkatuta).

Kontserbazioaren ikuspegitik, Kadagua ibaia, Balmaseda parean, interes bereziko eremua da bisoi europarra (Mustela lutreola) kontserbatzeko. Espezie hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan (CVEA) dago katalogatuta, «Galzorian» kategorian, eta Habitata 2 Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan dago. Horregatik, goian deskribatutako lanak bisoi europarraren erreprodukziorako garairik kritikoenetik kanpo egin dira.

Proiektu honek EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren finantzaketa du.

Kokapena