- Datozen egunetan, mendi gailurretan elur asko pilatu daiteke
- Iragarpenen arabera, gainera, giroa makurra izango da, hotza egingo du, haizea gogor ibiliko da eta prezipitazioa ugaria izango da
Segurtasun Sailak gomendatu du bihar, larunbata, arratsaldean, eta etzi, igandea, mendira ez joatea, batez ere 700-800 metrotik gorako altueretara; izan ere, eguraldia oso desatsegina izango da, haizea, giro hotza eta elurra izango baitira, eta gailurretan elur-geruza esanguratsua pilatu daiteke.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur ostirala eta igandea bitartean, depresio sakon batek, hari lotutako fronteek eta aire hotzak EAEn eragina izaten jarraituko dute. Egoera horrek zaparradak eragingo ditu, sarriagoak eta handiagoak kantauri isurialdean, eta, une jakin batzuetan beherago jaitsi daitekeen arren, elur-kota 700-800 metrora egongo da.
Larunbatean pilatutako elur-lodiera 5-20 cm artekoa izango da 1000 m-tan eta 0-5 cm artekoa 600 m-tan. Igandean, 10-40 cm artekoa 1000 m-tan eta 0-5 cm artekoa 600 m-tan espero dira. Prezipitazio handienak igande goizerako espero dira, eta leku batzuetan etengabe bota dezake.
Segurtasun Sailak elurragatik emandako abisu horiak indarrean jarraituko du gaur ostirala, abenduak 4, eta igandean, abenduak 6, 24:00ak bitartean. Halaber, nabigaziorako alerta laranjak indarrean jarraitzen du, olatuengatik, gaurtik igandeko 06:00ak arte, baita abisu horiak kostaldeko inpaktuagatik.
Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.