7.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, dagoeneko, Osakidetzaren Paziente Bizia programan, 2010ean abiarazi zenetik

0
PRUEBA

Lantegi batzuk dira, gaixotasun kroniko batekin bizi direnek beren gaixotasuna hobeto ezagutu eta beren bizi-kalitatea hobetu ahal izateko zaintzak ikas ditzaten

Pandemiaren ondorioz, Osakidetzak sendotu egin du ikastaro-mota horren online eskaintza, eta ordutegiak malgutu ditu

 

Euskadiko 7.600 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute Osakidetzaren Paziente Bizia programan; 2010ean hasi ziren lehen lantegiak. Paziente Bizia autozaintzarako eta autokudeaketarako hezkuntza-programa bat da, gaixotasun kronikoa dutenek beren gaixotasuna hobeto ezagutu eta beren osasun-egoera hobetzeko ohitura eta zaintzak ikasteko.

Berdinen arteko hezkuntzan oinarritzen dira lantegi horiek; alegia, gaixotasun kronikoa duten pertsonek edo haien zaintzaileek gidatzen dituzte. Gaur arte, aurrez aurre egin izan dira, 12 eta 15 pertsonako taldeetan, astero eta 2,5 orduz. Horretarako, jarduera praktikoak baliatu izan dira, alderdi fisikoan (elikadura, ariketa fisikoa) eta psikologikoan (kudeaketa emozionala) edo sozialean (harremana familiarekin, lagunekin…) sortzen diren zailtasunak kudeatzeko ezagutza areagotzeko; eta, haien bidez, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea lortu nahi izan da.

Osakidetzak, programa abian jarri zuenetik, honako lantegi hauek eskaini ditu: “Nire osasuna aktiboki zainduz” (edozein gaixotasun kronikorekin bizi diren pertsonei zuzenduta); “Nire diabetesa zaintzen” (II motako diabetesa duten pertsonei zuzenduta), “Osasuna zaintzen ijitoen herrian” (ijitoen erkidegoari zuzenduta) eta “Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen” (prozesu onkologikoa bizi izan duten pertsonei eta/edo zaintzaileei zuzenduta).

Baina pandemiaren ondorioz bizi ditugun egoerak direla eta, zenbait prebentzio-neurri hartu behar izan dira, paziente eta profesionalen segurtasuna bermatzeko. Eta, hala, mugatu behar izan da aurrez aurreko jarduera eta Osakidetzako Paziente Bizia programako lantegiek online prestakuntza eskaintza sendotu behar izan dute.

Hala, lantegi horiek orain ere astero ematen dira, Osakidetzan integratuta dagoen Zoom plataformaren bidez.

Gainera, nobedade gisa, lantegi berria sortu da, biztanleen zati zabalago bati zuzenduta: Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa. Lantegi horren bidez, anonimatua bermatzen da, bai eta sarbide erraza, erosoa eta ordutegi gabea ere. Metodologia honako hauetan oinarritzen da: irakurraldiak; taldekideekin arazo, lorpen, emozio zail eta ekintza-planen inguruan elkarreraginean jardutea; autozaintzarako trebetasunen ikaskuntza. Haien bidez, bizi-kalitatea eta osasuna hobetuko dira, jarduera fisikorako eta eguneroko ohiturei eusteko aukera murriztuta dagoen une hauetan.

Paziente Bizia programari buruzko argibide gehiagorako: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-eskola-ataria/-/paziente-bizia-programa/

Harremanetarako datuak: 943 00 65 51 telefono-zenbakia edo pacienteactivo@osakidetza.eus helbide elektronikoa.