Euskadik Espainiako alokairuko etxebizitzen bigarren parke publiko garrantzitsuena du; Andaluziak du lehena

0
  • Alokairuko 23.974 etxebizitza babestu ditu, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituenen (14.750) eta udal-sozietateek kudeatzen dituztenen artean
  • Biztanleko etxebizitzaren inbertsio zuzena 2002aren eta 2019aren artean, Euskadin, 74 eurokoa izan zen, eta 41 eurokoa Espainiako gainerakoan

 

Euskadik Espainiako alokairuko etxebizitzen bigarren parke publiko garrantzitsuena du; Andaluziak du lehena.  Hori da Euskadiko etxebizitza babestua, Estatuaren testuinguruan txostenaren ondorioetako bat; txostena Etxebizitzaren Euskal Behatokiak prestatu du, zeina Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendekoa baita. Gaur argitaratu da bere web-orrian.

Andaluzia da alokairu-erregimenean etxebizitza babestuen kopuru handiena duen autonomia-erkidegoa, 49.794 guztira, eta, ondoren, Euskadi, 23.974 baititu, nahiz eta biztanle-kopurua ia lau aldiz txikiagoa den. Euskadiko alokairuko parke publikoa Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak Alokabideren bidez kudeatzen dituen 14.750 etxebizitzak eratzen dute, bai eta etxebizitzako udal-sozietateenek ere, nagusiki Bilbokoek eta Donostia-San Sebastiánekoek.

Txostenak Euskadiko etxebizitza babestuaren egoeraren erkaketa-analisia egiten du, 2020ko Etxebizitza Sozialaren Aldizkari berezian -Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak argitaratzen du- jaso den informazioan oinarrituta, hiru alderdi aintzat hartuta: autonomia-erkidegoetako etxebizitza babestuaren eraikuntza, etxebizitza sozialaren parkea eta etxebizitza-politiketako inbertsioa.

1981aren eta 2019aren artean, Espainian 2.356.778 etxebizitza babestu eraikitzen amaitu da; haietatik, 167.479 (% 7) baino ez dira 2011-2019 aldikoak. Euskal Autonomia Erkidegoak 105.394 etxebizitza eraiki ditu 1981aren eta 2019aren artean, alegia, guztizkoaren % 4,5. Hala ere, azken hamarkadako datuak aintzat hartzen badira -krisi ekonomikoaren inpaktua bertan nabaritu dira gehien-, Euskadiren ekarpenaren pisua oso handia da. Zehazki, 2011ren eta 2019aren artean, autonomia-erkidegoan 18.134 etxebizitza babestu eraiki ziren; alegia, Espainia osoan amaitutako babes publikoko etxebizitza guztien % 11.

Alokairu babestuaren goren aldia

Nahiz eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta maila oso baxuetatik abiarazten den, Estatu mailan alokairuko etxebizitza babestuaren sustapenak azken urteotan nabarmen egin du gora, eta, 2019an, amaitutako etxebizitza babestuaren % 21 da. Atal horretan leku esanguratsua du Euskadik (etxebizitza babestu berriaren % 38 alokairurako da), Madrilgo, Nafarroako eta Kataluniako ehunekoa baino askoz ere handiagoa.

Etxebizitza sozialak direla eta, 2019an, 240.000 etxebizitza zeuden autonomia-erkidegoen titulartasunekoak; haietatik, 178.493 errentamendu-erregimenekoak dira.

2002aren eta 2019aren artean etxebizitzan eginiko batez besteko inbertsioa 41 eurokoa da biztanleko eta urteko Estatuan; Euskadin, biztanleko gastu zuzena 74 eurokoa da.

Pizgarri fiskalak ere etxebizitza-politiketan esku hartzeko ildo bat dira. 2018ko zerga-datuen arabera, Euskadiko PFEZri lotutako etxebizitzako gastu fiskalaren inpaktua 409 milioi eurokoa da, nagusiki etxebizitza erosteagatiko kenkariaren ondorioz; alegia, biztanleko, 185 euroko kenkaria. Estatu mailan, kenkari fiskalak etxebizitzaren eremuan txikiagoak dira, nabarmen. Atal horretan, bigarren erkidegoa Madril da; 35 euro biztanleko.

 

OHARRA: Txostenaren eduki osoa esteka honen bidez ikus daiteke.

https://www.etxebide.euskadi.eus/contenidos/informacion/ovv_vp/eu_ovv_admi/adjuntos/eb.pdf