Lehendakariak elkarrizketan eta negoziazioan oinarritzen den politika egiteko modu berriaren alde egin du

0
  • EBko herrialdeen kidego diplomatikoaren aurrean, euskal eredua defendatu du, politikak “galdutako prestigioaren zati handi bat berreskuratzeko”
  • Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritza berriaren kudeaketaren balantzea egiteko aprobetxatu du; Jaurlaritza berriak, laster, 100 egun bete beteko ditu

Lehendakariak politika egiteko modu berria defendatu du, zeina elkarrizketan eta negoziazioan oinarritzen baita, gaur egun gizarteak dituen eskari eta beharrei erantzuteko, eta Euskadi eredu horren adibide gisa jarri du. Iñigo Urkulluk, gaur goizean, ohiko topaketa izan du EBko herrialdeetako enbaxadoreekin; oraingoan, telematikoki egin da, pandemiaren ondorioz.

Kidego diplomatikoaren aurrean, Lehendakariak esan du ziur dagoela politikak “galdutako prestigioa zati handi batean berreskuratzeko” «diagnostikoa partekatu, etorkizun partekatua zehaztu, elkarrizketan jardun eta akordioak lortu” behar direla.

Urkulluk Eusko Jaurlaritza berriaren kudeaketaren balantzea egiteko aprobetxatu du; Jaurlaritza berriak 100 egun beteko ditu, laster, eta, denbora horretan, Gobernu Programa, Berpiztu suspertze ekonomikorako eta enplegurako programa (13.250 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du datozen lau urteotan) eta 2021eko Aurrekontuen Aurreproiektua onetsi ditu.

Paraleloan, Gobernua “Euskadi Next” programa prestatzeko lanean ari da; programa horrek Europar Batasunaren “Next Generation” funtsetara aurkeztuko diren erakundeko proiektuak eta lankidetza publiko-pribatuko proiektuak jaso ditu.

“Egoera ekonomikoa zaila da, baina kontu saneatuak ditugu, bai eta kaudimen-egoera egiaztatua ere. Adibiderik onena nazioarteko merkatuan Euskadi bonu jasangarrien bi edizioak dira; eskaria egindako jaulkipena baino bost aldiz handiagoa izan da”, esan du.

Plano sozialean, Lehendakariak esan du euskal eredua giza garapen jasangarria dela, eta Euskadik Euskadi Basque Country 2030 Estrategia duela, zeina bat baitator “Green Deal”ekin eta “Klimaren aldeko 2050 Estrategia”rekin, 2017an Helsinkin onetsitako “Europako Zutabe Sozial”arekin eta Nazio Batuen 2030 Agendaren garapen jasangarrirako 17 helburuekin. Gogorarazi du, gainera, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren bi heren gizarte-politiketara bideratzen direla.

Puntu horretan, “2020ko Aurrerapen Sozialaren Indizea” aipatu du; indize hori oraintsu argitaratu du Europako Batzordeak, eta Europako eskualde guztiek azken lau urteotan izan duten bilakaeraren konparatiba egiten du. Azaldu duenaren arabera, Euskadik nabarmen egin du aurrera: 2016an 102. postuan zegoen eta, gaur egun, 48. postuan; une honetan, 73,8 puntu ditu, 100etik.

Etorkizuneko aukerak

Etorkizunera begira, Iñigo Urkulluk aipatu ditu Gobernuak –esan duenaren arabera– lau aukera handi gisa dituen lau erronka globalak: osasun- eta gizarte-trantsizioa; trantsizio teknologikoa eta digitala; trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta euskal autogobernuaren eguneratzea.

Euskadik Europan duen eginkizuna dela-eta, Lehendakariak gogorarazi du euskal gizarteak duen “bokazio europeista sakona”, eta Europako eraikuntza-prozesuan etapa berria hastearen alde egin du.

Hori horrela, Covid-aren ondoko etapan planteatzen diren “aparteko erronkei” erantzuteko, Iñigo Urkulluk berriz ere nabarmendu du “Europako etorkizunari buruzko hitzaldia” deitzeko beharra eta hartan eskualde edo errealitate nazionalek irmotasunez esku hartzekoa, “bereziki legegintza-eskumenak dituztenek”, esan du.