Europako Batzordeak Euskadi zoriondu du 2015-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren gauzatze maila handiagatik

0

• Programaren %79 gauzatu da, eta Estatuan, berriz, %52 eta Europan batez beste %61

• “Kasu arrakastatsu” eta “jardunbide egokiaren adibide” gisa definitu zen euskal LGParen lankidetza neurria

Pasa den azaroaren 24an egin zen Europako Batzordearen eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren Kudeaketa Agintaritzaren (OSOA) arteko aldebiko bilera, eta programazio aldi horretan lotutako aurrerapenen berri eman zen bertan. Aurreikusitako FEADER funtsaren aurrekontutik %79 gauzatuta, Euskadiko LGPa Espainiako batez bestekoaren (%52) eta Europako batez bestekoaren (% 61) gainetik dago, eta, gainera, gastatutakoa oso orekatuta dago programaren barruko neurrien artean.

Emaitza horiek oso ondo baloratu zituen Europako Batzordeak; Euskadiko Lankidetza neurria nabarmendu zuen bereziki, gaur egun % 75 gauzatu baita. Datu hori bi alderdi hauengatik da nabarmena: batetik, oso gauzatze maila handia delako Estatuko eta Europako batez bestekoekin alderatuta, eta, bestetik, lankidetzara bideratzen ari diren funtsen portzentajea handia delako, egungo programazio aldian 7,5 milioi erabili baitira (programaren FEADER funtsen % 8)

Gogoratu behar da lankidetzarako laguntzak FEADER funtsarekin (%80) eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuekin(gainerako %20a) finantzatzen direla, eta KATILU-k, Euskadiko Elikagaien Berrikuntzarako Brokerrak, funtsezko eginkizuna duela proiektuen dinamizatzaile gisa.

Abian dauden proiektuak

Aurrekontu horri esker, 2016. eta 2019. urteen artean 126 lankidetza proiektu abiarazi dira Euskadiko nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektoreetan eta landa ingurunean. HAZI-k lankidetza proiektu horietako 11tan parte hartu du, eta 3 proiektu gidatu ditu: Innokupela, Vitibiom, eta Kudeaketa Teknikorako eta Aholkularitzarako Informazio Sektorialeko Sistema (esnetarako behiak).

Europako Batzordeko ordezkariek Euskadiko LGParen lankidetza neurriari buruzko iritzia eman zuten, «kasu arrakastatsua» eta «jardunbide egokiaren adibidea» dela esanez, eta interes berezia agertu zuten gaur egun, kudeaketa agintaritzak eskatuta, LGParen esparruan neurri horren ebaluazio espezifikoa egiten ari direla jakinda. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta KATILU Euskadiko Elikagaien Berrikuntzarako Broker eta lankidetza proiektuak dinamizatzeko agentearen arteko lankidetza formula baten bidez egiten ari da ebaluazio espezifiko hori.

Ebaluazio lan honen helburua da neurri honen arrakastaren gakoak identifikatzea eta ulertzea, baina baita funtzionatu ez duten elementuak ere, eta hori guztia hurrengo programazio aldiaren planifikazioan eta, zehazki, AKIS edo SCIA sistemaren (Nekazaritzako Ezagutza eta Berrikuntza Sistemak) diseinuan oinarri gisa erabiltzeko. Ebaluazio horren emaitzak 2021aren erdialdean ezagutaraziko dira.