Zupiriak: «Kasu askotan Sailburu guztiek ahalegin handia egin dute akordioak lortzeko eta gizarteari beharrezkoak ez diren gatazkak helaraztea saihesteko»

0
PRUEBA
  • Gobernuaren Bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, gaur goizean kideek Legealdi honetako azken bileran egin dituzten hausnarketen berri eman du
  • Bingen Zupiriak Kontseiluan hartutako erabaki nagusien berri ere eman du

Gaur goizean, Bingen Zupiria Gobernuaren Bozeramaileak ohiko prentsaurrekoa eman du, XII. Legealdiko azken Gobernu Kontseiluaren ondoren. Bertan, Kontseiluaren baitan hartutako erabaki nagusien berri emateaz gain, bileran aipatu diren zenbait gogoeta eta agur-mezu partekatu ditu.

Hala, nabarmendu du Iñigo Urkullu Lehendakariak, sailburu guztiei zuzenduta, aitortu egin duela urte hauetan sail guztiek izan duten akordiorako eta elkarrizketarako prestasuna. Eta, modu pertsonalean, Zupiriak, «Bozeramaile eta Gobernu Mahaian gertatzen denaren eta behatzaile gisa», eta Legegintzaldi honen oinarri izan den koalizio-Gobernua aipatuz, adierazi du «kasu askotan oso ahalegin handia eta iraunkorra egin dela Sailburu guztien aldetik, akordioak lortzeko eta gizarteari liskar edo desberdintasun sentsazioa transmititzea saihesteko».

GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO ERABAKIAK

Alde batetik, Segurtasunaren arloan, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen 2011 urteko hitzarmenaren laugarren aldaketa onartu da, eta 6,3 milioi eurotan estimatutako hiru hobekuntza ekonomiko eta lan-hobekuntza garrantzitsu ekarriko ditu. Neurri berriek onurak dakartzate 55 urte baino gehiago dituzten eta erretiroa 60 urterekin hartzen duten pertsonentzat eta, halaber, ikerketa kriminaleko taldeak sustatu eta genero-berdintasun eraginkorrean aurrerapausoak emango dira. Bestalde Gobernu Kontseiluak H.A. Ilarduya SLU, Maier S.COOP, Petronor S.A., Bilbaína de Alquitranes, Guardian Llodio Uno S.L. eta General Química SAU enpresen Kanpoko Larrialdietako Planak onartu ditu. Hauek enpresa horiek barneko larrialdietako planetan aurreikusitako neurriak osatzen dituzte enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean kanpotik erantzuna antolatzeko helburuarekin.

Bestalde, Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena sailak proposatuta, Kontseiluak oniritzia eman dio Errioxa Jatorri Deitura Kontrolatuaren pean dauden ardoak destilatzeko ardoaren sektoreari ezohiko laguntzak emateari. 7,5 milioi euro inguruko laguntza da hau eta, Zupiriak adierazi duenez, ‘laguntza horiek, bigarren urtez jarraian, Arabako Errioxako upeltegiei laguntza ematen diete, gehien bat merkataritza-irteerarik ez duten upategietan soberakinak eta ardo-stock handiak pilatzen direlako’.

Gainera, berretsi egin du Euskadin angularen arrantza profesionala arautzen duen eta Angulako Arrantzale Profesionalen Erregistroa sortzen duen Dekretua, espezie honentzat baldintza ekonomiko, ingurumeneko eta sozial jasangarriak lortzeko.

Era berean, Bingen Zupiriak Gobernu Kontseiluak Hezkuntza arloan hartutako hainbat akordio nabarmendu ditu. Horietako bik eskola desberdinetan inbertsioak egitearekin dute zerikusia. Alde batetik, onespena eman dio ia 10 milioi euroko partida bideratzeari Haizeder Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen eraikin berria eraikitzeko, Eako Natxitua auzoan, 2.700 metro koadroko azalerakoa. Lanek, 21 hilabeteko iraupena izango dutenak, egungo eskola-instalazioak eraistea aurreikusten dute, frontoi estalia izan ezik. Bestalde, oniritzia eman zaio 12,6 milioi euroko inbertsioari, Urnietan Egape Bigarren Hezkuntzako Instituturako eraikin berria altxatzeko, 3.700 metro koadro baino gehiagokoa. Institutua eraikitzeko lanek, 24 hilabeteko epea dutenak, Babilonia Bulebarra izeneko etorkizuneko oinezkoentzako kale berritik izango du sarbidea eraikinak.

Bestalde, Gobernuaren Bozeramaileak azpimarratu duenez, Dekretu berri baten onarpena ere adostu da, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat, hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko. Honek ekainaren 23ko 118/1998 Dekretua baliogabetu eta egungo egoerara eguneratu egiten du eta, araudi berru honekin, Eusko Jaurlaritzak ikasle guztiek bizitzarako gaitasunen garapen-maila handiena lortzea du helburu. ‘Honi eutsiz, -adierazi du Zupiriak- prestakuntza, neurriak eta laguntzat bideratzera dator gaur onartutako dekretu berri hau’.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Euskadiko abiadura handiko azpiegitura eraikitzeko lankidetza-hitzarmenaren hirugarren aldaketaren sinadurari. Aldaketa honek kanpo uzten ditu Ezkioko geltokian geratzen diren lanak, Adifek egingo baititu, eta Astigarragako geralekua, hitzarmen berri bat sinatu beharko baita lan horietarako.