Gobernu Kontseiluak 7 milioi euroko laguntza-lerro bat onartu du komunikabideentzat, desinformazioari aurre egiteko

0
  • María Ubarretxena Gobernuko Bozeramaileak azaldu duenez, laguntza honekin adimen artifizialak komunikabideek zabaltzen dituzten edukietan duen eragin negatiboa ere gutxitu nahi da
  • Halaber, Ubarretxenak jakinarazi du datorren uztailaren 30ean Ángel Víctor Torres Lurralde Politikako Ministroarekin bilduko dela, «aldebiko batzorde iraunkorra premiaz artikulatzea eskatzeko»

Gaur eguerdian, Gobernuko Bozeramaileak gaur goizean egin den Gobernu Kontseiluak hartutako akordioen berri eman du.

Horrela, bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan, María Ubarretxenak jakinarazi du onartu dela 7 milioi euroko laguntza-lerro bat bideratzea komunikabideei, eguneroko informazioaren sorreran, lanketan eta argitalpenean adimen artifizial generatiboak duen eragin negatiboa minimizatu eta desinformazioari aurre egiteko. Kopuru horretatik, 6 milioi euro Euskadi mailako komunikabideetara bideratuko dira, eta milioi 1 tokiko eta eskualdeko hedabideetara.

Ubarretxenak zehaztu duenez, «Jaurlaritzaren ustez, komunikabide profesionalek berebiziko garrantzia dute eskubide hori betetzeko, eta ezinbesteko eragileak dira desinformazioaren aurkako borrokan eta, beraz, balio demokratikoen garapenean. Horregatik, dirulaguntza honekin euskal herritarrengandik hurbilen dagoen komunikabideen ekosistema zaindu ahalko dugu».

GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO BESTE AKORDIO BATZUK

Halaber, Bozeramaileak jakinarazi du onespena eman zaiola, baita ere, langile publikoen ordainsarien %2ko igoerari, «uztaileko nominan ordainduko dena 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin». Igoera horrek 89 milioi euro baino gehiagoko kostua izango du guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorren Legearen 19. artikuluan jasota dago. Artikulu horrek Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden langileen ordainsariak ezartzen ditu.

Bestalde, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak 3,9 milioi euro bideratuko ditu eraikinetako telekomunikazio azpiegiturak hobetzeko eta erabiltzen ez diren antenak eta kableak eraikinetako fatxadetatik kentzeko. Laguntza hauek Europar Batasuneko Next Generation Berreskuratze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatuko dira. Gainera, Ubarretxenak nabarmendu duenez, aurtengo edizioan, bigarrena dena, bi berrikuntza izango dituela. «Alde batetik, hartzaileen artean sektore publikoko erakundeak sartzen dira eta, bestetik, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa egindako lanei dagokien fakturaren % 100eko izango da, aurreko deialdian % 70ekoa izan zenean».

Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak proposatuta, onespena eman zaio EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzeari. «Modu honetan, EiTBren Nafarroako telebista eta irrati kateen hedapenaren jarraipena bermatzen duen 2016an sinatu eta 2020an luzatutako hitzarmenari jarraipena emango zaio», azaldu du Bozeramaileak.

Gobernu Kontseiluak «Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa Fundazioaren» Patronatuan eta Batzorde Betearazlearen Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izango diren pertsonak izendatu ditu baita ere.

Bestalde, Bozeramaileak jakinarazi du gaurko Gobernu Kontseiluan Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak 2024ko Parisko Joko Olinpikoetan parte hartuko duen euskal ordezkaritza garrantzitsuaren berri eman duela. 33 kirolari, % 54,5 emakumeak, lehiatuko dira Joko horietan, Atlanta 1996az geroztik euskal partaidetza handiena.

Azkenik, María Ubarretxenak Gobernu Kontseiluko kideei jakinarazi die datorren uztailaren 30ean Ángel Víctor Torres Lurralde Politikako Ministroarekin bilduko dela, «aldebiko batzorde iraunkorra premiaz artikulatzea eskatzeko, falta diren eskumenen transferentzia sustatze eta Estatutua betetze aldera, eta kronograma bat ezartzeko». Bilera horretara «akordiorako, elkarrizketarako eta lankidetzarako borondatearekin» joango dela azpimarratu du Bozeramaileak.
 

PRENTSA-TXOSTENA

GAI-ZERRENDA